Juan luis mugertza
Neurria
Lehengoan gurasoen etxera joan nintzen. Egun, inor ez da bizi, orduko mamuak bakarrik. Halarik ere, gustura izan nintzen ordukoa gogora ekartzen. Egongelako bazterrak ikusmiratu nituen, logelako arasak zabaldu, eta tartean paper zaharrak eta zuri-beltzean egindako argazkiak ikusi nituen. Batean amamarekin nengoen irribarrez, praka motzak jantzita, eta belaunburuan bost zentimoko zauria, eta hamar zentimoko trapua. Nire amama oso txikia zen, eta ni bera bezain txikia ez izateko trikimailu bat asmatu zuen. Sarritan, bazkaldu aurretik, hormaren kontra bizkarra pausatzeko, eta burua tente jartzeko esaten zidan: «Orpoak atzera, elkarren ondoan», Gero, sukaldeko aiztoa hartu, eta buruaren gainean jartzen zuen hormaren zurian marka egiteko. Ez dakizue zer-nolako poza ematen zion nik, poliki-poliki, gora egiten nuen ikusteak.
Eta honela koskortzen joan ginen, eta bizitzak luzeran baino bestelako neurriak eskatzen dituela jabetuz joan ginen, nahiz eta gaur politikari askoren eredua oso txikia izan. Azkunarena neurtzeko ez dakit zer nolako neurgailua egon daitekeen; ez dakit etxean baten batek horren ardura hartuko zuen, baina motz gelditu da, itsusi. Ez du neurri handirik eman Kukutzaren aferan, ez luzeran, ez zabalean, eta txarrena da ez duela emango, eskumak, edozein delarik ere, hazteko arazoak izaten baititu.