GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hamazazpi hautagai, Pirinio Atlantikoei dagozkien hiru senatariak aukeratzeko

Senatu frantsesaren erdia, hau da, 170 hautetsi berrituko da igandean, horien artean, Pirinio Atlantikoei dagozkien hirurak. Hamazazpi hautagaik aurkeztu dute beren burua, sistema aski bereziaren bidez, «hautesle nagusiak» deiturikoen bozek babestuko dituztelakoan.

p020_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Bihar egingo dira Senatu frantseseko ordezkarien erdiak berritzeko hauteskundeak, tartean Pirinio Atlantikoetako Departamenduari -eta horrenbestez, hor sartzen duten Ipar Euskal Herriari- dagozkion hiru senatariak. Hamazazpi hautagai izango dira hiru eserlekuak eskuratzeko lehian.

PS alderdiak Annie Jarraud-Vergnolle Angeluko hautetsia eta jada senatari dena, Georges Labazee Kontseilu Nagusiko lehendakaria eta Frederique Espagnac Paueko zinegotzia aurkeztu ditu.

Eskuineko alderdi UMPk bi hautagai babesten ditu ofizialki: Jean Castaings Bastidako kontseilari nagusia eta Michel Hiriart Biriatuko auzapeza. Halere, bada alderdi horretako beste hautagairik; zehazki, Peyuco Duhart Donibane Lohizuneko alkatea, beste bi hautagai bearnesekin (Bernard Dupont eta Charles Pelanne) zentro-eskuineko hirukotea osatzea deliberatu duena.

Zentristen aldetik, Jean-Jacques Lasserrek (Forces64) Pariseko Goi Ganberan hautetsi izateko lasterketan parte hartuko du, eta talde beretik, Denise Saint Pe Akitaniako kontseilari bearnesak ere bai.

Europe Ecologie-Berdeak, ABk eta EAk osatutako koalizioak, berriz, Sauveur Bacho Arberatzeko auzapeza, Alice Leiziagezahar Akitaniako kontseilaria eta Daniele Iriart Paueko zinegotzia aurkeztu ditu.

EAJ, estreinakoz

Alderdi jeltzaleak, estreinakoz, hautagai bat aurkeztu du hauteskunde hauetan, Jean Telletxea Urruñako zinegotzia, hain zuzen ere.

Olivier Dartigolles PCko eledun eta Paueko zinegotzia izango da hautagai komunista bakarra. FN (Front National) alderdi eskuindarrak, berriz, Ipar Euskal Herriko hautagaia jarri du lehian. Eta Philippe Palengat Bearnoko Gabaston herriko auzapezak independente gisa aurkeztu du bere burua.

Hamazazpi hautagaietatik, bederatzi Ipar Euskal Herrikoak dira, eta gainerakoak bearnesak. Hauteskunde hauetan ez da derrigorrezkoa genero parekotasuna errespetatzea hautagaitzetan. Senatarigai gehienak gizonezkoak dira (17tik 11). Halere, ia guztien ordezkoak emakumeak dira. Hautagai ofizial diren sei emakumeetatik hiru Ipar Euskal Herrikoak dira.

Hautesle gutxi batzuk

Senatariak hautatzeko sistema aski berezia da. Hautetsi bakan batzuek baino ez dute osatzen «hautesle nagusien errolda» deitzen dioten zerrenda (Departamenduko diputatuak, senatariak, kontseilari nagusiak, Akitaniako kontseilariak eta auzapez eta zinegotzi batzuk). Hala, Pirinio Atlantiko Departamenduan 1.762 gizon-emakumek soilik dute boza emateko eskubidea.

Hori dela-eta, hautagaiek ez dute apenas kanpaina publikorik egiten, bere aldeko bozak erdiesteko «hautesle nagusi» horiekin egiten baitute zuzeneko harremana.

Bihar Paueko Erakusketa Azokaraino joan beharko dute beren gustuko diren hiru hautagaiei boza ematea. Lehen itzulia 08.30etik goiti irekiko da 11.00etan ixteko. Bertan gehiengo osoa lortuta hautatua suertatzen ez denak, arratsaldean egingo den saioan berriro aurkezteko aukera izanen du. Bigarren bozketa 15.30ean hasi eta 17.30ean bukatuko da.

Itzuli horretan gehiengo soila izatea aski da senatari hautatua izateko. Berdinketa balitz, adin gehien duen hautagaiak eskuratuko luke senatari eserlekua Parisen.

Eserleku preziatuen lehian parte hartuko ez duenik ere izango da

Auguste Cazalet bearnesa (UMP), Didier Borotra, Biarrizko auzapeza (MoDem) eta PSko Annie Jarraud-Vergnolle Angeluko zinegotzia dira, gaur egun, Pirinio Atlantikoetako hiru senatariak. Lehen biek ez dute beren hautagaitza aurkeztu bihar egingo diren hauteskundeetan.

Beste batzuek, berriz, atzera egin dute, lehian parte hartzeko asmoa iragarri zuten arren. Horien artean, Daniel Poulou UMPko diputatu ohiak, eta osasun arazoak tarteko, Jean-Pierre Destrade PSFko diputatu ohiak. Gabi Mouesca militante abertzaleari, berriz, 2032ra arte (71 urte izango dituen arte) ezgaitu egin dutela jakinarazi zioten. A.M.

MOUESCA

Gabi Mouesca militante abertzaleak bere hautagaitza aurkezteko asmoa iragarri zuen, baina atzera egin behar izan du , azkenean, bere eskubide zibilak 2032. urtera arte ukatuak izango dituela jakinarazi baitiote.

EZKERRERA

Kantonamenduetako bozetan izandako gorakadaren aurrean, PSko zenbait kidek uste dute bi senatari lortzeko aukerak dituztela (egun, bat du). Ezkerrak Senatuan gehiengoa izateko lagungarri lirateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo