GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH Jaietan | Irura

Txupinazoa lehertzearekin bat, hasi dira Iruran San Migel jaiak

Atzo arratsaldean bota zuten txupinazoa Tolosaldeko herri honetan eta ordutik ez dute atsedenik hartu. Iruran, gainera, San Migel jaiek luze jotzen dute. Bi asteburu bete-beteak izango dituzte, eta ez musika ez, jai giro alaia ez dira faltako egun hauetan. Fanfarreak, dantzaldiak, jokoak... Iruran daude, eta gelditzeko intentzioz iritsi dira gainera.

p023_f02.jpg

GARA |

Ikurrina balkoian eta zapi berdea lepoan. Irura festetan dago, San Migel jaiak ospatzen ari dira eta luzerako da gainera. Hiriburuen antzera, Tolosaldeko herri honetan festek luze jotzen dute. Atzo ekin zioten bideari, eta tarteka atsedenaldiak hartuko dituzten arren, urriaren 9an amaituko dira.

Agurra, txupinazoa eta herensugearen jaitsiera izan zituzten atzo, 18.30etik hasita. Danbatekoarekin batera, sanmigelak Iruran dira. Iluntzean esker oneko omenaldia egin zieten Marimi Ugalde, Jose Agustin Zubeldia, Jose Luis Olano eta Eugenio Loidi herritarrei, «Udal korporazioan hainbeste urtetan egindako lanagatik».

1.400 biztanle pasatxo dituen herri honetan, gaurkoak handi egingo du Irura, egun borobila baitute aurretik. Haur eta gazteen eguna da. Goizean zehar umeentzako arrantzaleen jokoak prestatu dituzte, Kulki taldearen eskutik. Eguerdian, 14.00etatik aurrera, haurren bazkaria izango da eta ordu erdi geroago Gazte Festakoek egingo dute bazkaria. Arratsaldean, berriz, eskulanak egin eta irudimena dantzan jartzeko aukera izango dute txikienek, eta jarraian jokoak. Bestalde, sagardo dastatzea izango da 19.00etan. Eta gauean, nola ez, musika. Redveil, EH Sukarra eta Esne Beltza taldeen kontzertuak egongo dira plazan.

Irurako Udalbatzak hainbat mezu helarazi ditu jai egun hauetarako. Parte-hartzea da puntu nagusietakoa, plazaratu duten egitarauan argi uzten dute jaiak jendearen parte-hartzeak egiten dituela berezi festak, «herritik eta herriarentzat» antolatzen dituztelako. Horrez gain, jaietan, egunerokotasunean bezala, euskaraz hitz egiteko mezua zabaldu du udal taldeak, baita emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko kontzientzia pizteko dei egin ere. «Jaietan ere `ezetz' ezetz delako». Euskal preso politikoak ere gogoan izan dituzte, eta «besarkada beroena» bidali diete etxetik urrun direnei.

Festak jarrai dezala!

Gaurkoarekin ez dira amaituko Irurako festak. Bihar etxeko txikienentzat txu-txu trena eta puzgarriak izango dira, festen izena jasotzen duen plazan. Ondoren, busti-busti eginda amaitzeko moduko apar festa egongo da. Arratsaldean Iruraren eta Anoetaren arteko taldekako triathlon indoor-a antolatu dute. Geroago, bertso saioan, Lizaso, Lujanbio, Arzallus eta Agirre arituko dira, Aitor Mendiluze izango dutelarik gai-jartzailea. Gauean, eta igandeari amaiera emateko, Ingo al deu taldearekin erromeria izango da.

Asteburu hau izango da San Migel jaien punturik beroenetarikoa, baina gerorako ere utzi dute zerbait. Datorren asteazken eta ostegunean hainbat kontu aurkituko ditugu, baita ostiral eta larunbatean ere. Iruratik pasatzekoak dira, besteak beste, Egan taldea eta Dj Bull; datorren ostiralean izango da zita. Urriaren 1ean Atila y los Unos taldearen kontzertuaren ostean, herensugea errez agurtuko dituzte aurtengoz herriko jaiak Iruran.

ESAN BAIETZ...

Irurako Udalak mezu eta gogoeta batzuk plazaratu dizkie herritarrei. Beraz, gogoan hartu, esan baietz «zeure buruarekin ondo sentitzeari, harreman eredu berriei, sexualitate askea lortzeko bideari, plazerari...»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo