europako sokatira txapelketa
Gaztedik urrea eta brontzea golkoratu ditu
Urrezko eta brontzezko dominak eskuratu ditu Gaztedi taldeak Europako Txapelketako lehenengo jardunaldian. Lehen postua 560 kilokoan lortu dute, mutilek, eta hirugarrengoa, berriz, talde mistoak eskuratu ahal izan du 600 kiloko saioan.
560 kilokoan, euskaldunek lan bikaina egin zuten Ingalaterrako Minehead herrian jokatzen ari diren lehiaketan, eta podiumeko mailarik altuena lortu ahal izan zuten, klubetako lehen egunean, urrezkoa lortuta. Itxaropenez joan ziren, eta egindako lan bikainaren ordaina ere jaso ahal izan zuten.
Pisu honetan Goiherri ere aritu zen. Erandiokoak bi talderekin izan ziren, eta horietako batek gertu izan zuen azkeneko fasea, baina ez zuen lortu lehia erabakigarrian egoteko txartelik, eta albotik ikusi behar izan zuten azkeneko fasea.
Gaztedik, ordea, sekulako erakustaldia eman zuen, eta ongi merezita eskuratu zuen lehen postua, kluben mailan Euskal Herria oraindik oso goian dagoela argi eta garbi utziz, nahiz eta, zoritxarrez, ez dabiltzan talde gehiegi.
Laukizkoek errematea talde mistoarekin eman zuten, brontzezko domina eskuratu baitzuten. Beraiekin batera Getxo ere aritu zen, baina azken hauek ez zuten lortu azkeneko fasean sartzea. Gaztedi finalerdiak galdu ostean, hirugarren postuaren bila joan zen, eta taldearen bigarren domina lortu ahal izan zuen, eguna biribilduz. Handia izan da egindakoa.
Mutriku
Eguna amaitzeko pisu astunetako neurketak izan ziren, 680 kilokoak, alegia. Hor Mutriku izan zen euskal ordezkaria, baina gipuzkoarrek ez zuten lehen fasea gainditu, eta saririk gabe geratu behar izan zuten, nahiz eta oso lan txukuna egin zuten, ez baitziren batere gaizki aritu, baina gainerako kiroletan bezalaxe, hemen ere zorte apur bat behar izaten da, eta horrek huts egin zien.