GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA

Olanok goian ibiltzeko gai dela erakutsi nahi du

J.L.

Nafarroako Bigarren Mailako aizkolarien finala jokatuko da bihar Uharten (Eguesibar) 17.30etik aurrera. Bost aizkolari daude sailkatuta, eta lehenengo biek datorren urtean maila nagusian aritzeko txartela eskuratuko dute.

Honako hauek dira lehian arituko direnak: Olano, Kañamares III.a, Loiarte, Xabieer Mindegia eta Erdozia. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu beharko ditu saioan zehar.

Faboritoak aipatzerakoan Arkaitz Olano da zerrendan aurrenekoa. Leitzar gaztea bikain dabil, maila oso ona emanez, eta horrelaxe egin zuen Euskal Herriko Bigarren Mailakoan ere, eta gauzak ongi joaten baldin bazaizkio, txapeletik oso gertu ibili beharko luke. Etorkizun handia dauka, baina jadanik handiekin lehiatzen ere hasteko gai dela erakutsi nahi du biharko finalean.

Agian aurkaririk gogorrena Loiarte izango du. Bera izango da finaleko aizkolaririk beteranoena, baina sasoi bikainean dago. Euskal Herriko Hirugarren Mailakoan ere finalean sartu zen, eta hemen ere bai. Maila nagusira heltzeko gogoz dator, eta gazteak estutu nahi ditu.

Gazteen artean kontuan hartu beharreko bestea Kañamares III.a izango da. Ariztegikoa ere oso ongi dabil, eta urtetik urtera urrats bat ematen du aurrera. Behetik gora indarrean datorren gazte horietakoa da bera.

Mindegia ere ez da bazterrean utzi behar. Labaiengoa oraindik gaztea da, baina jadanik eskarmentu handia dauka. Gora heltzeko zerbait falta zaio, baina ilusioz eta mimoz prestatu du lehiaketa hau, behingoz onenen artean sartzeko gogo biziz baitago.

Juanjo Erdozia beteranoa ere eskarmentua soberan duen aizkolari horietakoa da. Honek badaki zer den maila nagusian aritzea, eta berriro ere hor sartu nahiko luke. Ez da faboritoen zerrendan sartzen, baina asko daki, eta honelako final handietan eskarmentua oso garrantzitsua eta beharrezkoa izaten da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo