GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

Esploratzaile, kolonizatzaile


Nork ez du inoiz amets egin esploratzaile izatearekin?» galderarekin hasten zen duela egun batzuk Manuel Iradier «esploratzaile» gasteiztarraren heriotzaren mendeurrenaren harira euskal prentsan azaldutako albistea. Ezin izan nion nazka keinua egiteari eutsi. Kolonizatzaile putakume baten triskantzak «esploratzaile»aren irudiarekin mozorrotzea, irakurlea bera izendapen horren konplize bihurtzea galdera erretoriko baten bidez okaztagarria iruditu zitzaidan.

Zera geratu zitzaidan argi: euskal gizartearen irudimenean arras errotuta daudela joera kolonialistak. «Esploratzaile sena» Mendebaldearen asmakizuna da, haren desira ilunen isla. Jakina, askoz ohoretsuagoa da «esploratzaile» hitza nik neuk erabilitako «kolonizatzaile putakume» hitzak baino. Hain zuzen, «abentura nobela» izena eman zioten inperioaren krimenak justifikatzeko sortu zuten genero propagandistikoari. Baina, noski, Iradier ez zen «besteak» bezalakoa; bera Euskal Herrian sortu zen. Euskaldunok ez gara, ezin gara gaiztoekin lerratu. Bada, tamalez, inoiz amestu baino Mendebaldekoagoak gara zentzu horretan: geuk ere parte hartu genuen (eta oraindik ere parte hartzen jarraitzen dugu, geure enpresen jarduerei esker) Afrikako, Hegoamerikako eta Asiako kolonizazio prozesuan, gustuko izan ala ez. Hain harro sentiarazten gaituen euskal abizenen presentzia munduan ez zaio azken bi mendeetan, arrazoi ekonomiko eta politikoak tarteko, jazotako immigrazioari zor bakarrik, kolonizazio prozesuari ere lotuta dago. Walter Benjaminek esan zuen bezala, «ez da zibilizazioari buruzko txostenik aldi berean barbariearen txostena ez dena».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo