«Terrorismoarekin amaitzeko» laguntza eskatu zien Aresek enbaxadoreei
«Terrorismoarekin ahalik eta lasterren amaitzeko» laguntza eskatu zien atzo Rodolfo Aresek enbaxadore talde bati Madrilen izan zuen bilera batean, bide batez inbertsioak eskatu zituelarik.
GARA | MADRIL
«Terrorismoarekin ahalik eta lasterren amaitzeko azken ahalegina» eskatu zien atzo Madrilen Europako hainbat estatuko enbaxadoreei Lakuako Gobernuko Barne arloko sailburu Rodolfo Aresek. Aldi berean, orain arte egindako ahaleginak eskertu zien Aresek .
«Une hauetan ETArekin behinbetiko amaitzeko bidearen azken urratsetan gaude, horrela Euskadin bakea eta askatasuna finkatzeko», gaineratu zuen Aresek, asmo honetan Europako estatuen ordezkariei laguntza eskatu zielarik.
«Azken ahalegina egitea eskatzen dugu, terrorismoaren amaiera ahalik eta laisterren heltzeko. Horrela, euskal gizarteak eta Espainiako beste lurraldeek dugun ametsa lortzeko urtetan egon gara borrokan, Euskadin bakea eta askatasuna izatea», bota zuen.
Aresen arabera, «une itxaropentsuak bizitzen baditugu ere, ETA ez da oraindik desagertu eta, horregatik, lanean jarraitu behar dugu. Duela denbora ugari espero duguna lortu behar dugu: talde terrorista honek behinbetiko jarduera guztiak etetea aldarrikatzea».
Enbaxadoreekin izan zuen bileran, «Euskadiko egoera politikoa, ekonomikoa eta sozialaren analisia» ere eskeini ziela esan zuen Aresek. Bateragune auzia dela eta Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacintok pairatu duten zigorrak izan dezaken eraginaz galdetu ziotenean, Aresek ez zuen erantzun garbirik eman.
«Une hauetan Euskadin dagoen gakorik garrantzitsuena talde orok baldintza beretan eta askatasun osoz egin ahal izatea da. Hortik aurrera, hiritarrek aukeratu behar dute nor sostengatzen duten», esan zuen Lakuako Barne sailburuak.
Onura ekonomikoak
Egoera ekonomikoaz ere aritu zen Ares, Euskadi «aukera ugari dituen elkargo autonomikoa dela» nabarmentzeko. «Gure sare ekonomikoa eta enpresariala oso anitza da, eta inbertitzeko aukera ugari eskeintzen ditu. Honekin batera, oso erakargarria da turismoaren ikuspegitik», esan zuen.
Horregatik, euren lurraldetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan inbertitzeko eta hiru herrialde hauek promozionatzea eskatu zien enbaxadoreei.
Zentzu honetan, «terrorismorik ez izatea» biziki garrantzitsua dela gaineratu zuen Aresek, «Euskadik dituen ahalmenak kontuan izanda». Sailburuaren arabera, atzerriko inbertsioa haztea ekarriko luke ETAren desagerpenak
«Hori nahi dugu eta horren alde ari gara lanean. Egonkortasuna, segurtasuna eta konfidantza eskeintzen dugu helburu hori lotzeko. Kontuan izan behar dugu ETAren desagerpena euskal jendartearen onurako izango dela aberastuna sortzeko eta enplegua indartzeko», gaineratu zuen Aresek.
Rodolfo Aresek enbaxadoreekin Madrilekin egin zuen bilera Harremanetarako Nazioarteko Taldeak (HNT) hainbat eragilerekin elkartzeko Euskal Herrira egin duen bisitarekin batera eman da.
ETAren desagerpena onura ekonomikoak ekarriko lukela nabarmendu zuen Rodolfo Aresek atzo Madrilen, bide batez enbaxadoreei Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan inbertitzeko gonbitea luzatu zielarik.