Gurasoekiko lotura etenezinak, zinema abizendunen eskutik
Mathieu Demyk, Jacques Demyren eta Agnes Vardaren semeak, berak zuzendu duen lehen filma aurkeztu zuen atzo Sail Ofizialean. Protagonista lanak ere egin ditu «Americano» filmean eta Geraldine Chaplin edo Carlos Bardem aktoreak izan ditu alboan.
A. ARRUTI | DONOSTIA
Bigarren belaunaldiak lekukoa hartu duela esan daiteke «Americano» filma ikusita. Mathieu Demy (Paris, 1972) aktoreak, Zinemaldiak atzera begirakoan omendu duen Jacques Demyren eta Agnes Vardaren semeak, zuzendaritzarako jauzia eman du film honekin, eta guraso eta seme-alaben arteko loturak izan ditu hizpide. Ondoan izan ditu aktore lanetan Geraldine Chaplin, Charles Chaplinen alaba; Carlos Bardem, Pilar Bardemen seme eta Javierren anaia; edo Chiara Mastroianni, «La dolce vita»ko protagonistaren alaba.
Los Angelesen bizi zen amaren heriotza dela-eta, bertara joango da Paristik Martin semea. Herentzian, ordea, txikitan ezagutu zuen Lola mexikarra agertuko da, eta dolutik ihesi, Tijuanara abiatuko da haren bila. Americano klub pribatuan aurkituko du Salma Hayek strip-tease dantzaria.
«Familiako loturei buruzko filma da», esan zuen zuzendariak, «guraso eta seme-alaben artekoei buruzkoa, batez ere». Demyk aktore protagonista eta zuzendari lanak konbinatu ditu. «Oso metodikoa izan naiz. Asko entseatu dut aktoreekin eta gero joaten nintzen kamera atzera. Senaz fidatu behar dela uste dut».
Road movie, western, drama eta abentura uztartzen ditu filmak, eta Demyk bera markatu duten pelikulei egindako hainbat keinu ageri dira. Istorioan, gainera, protagonistaren txikitako oroitzapenak txertatzen dira, eta horretarako, 16 mmtan grabatutako «Documental» fikzioko irudiak erabili ditu. «Nire amak egin zuen film hori txikitako oroitzapenekin eta interesgarria iruditu zitzaidan pertsonaia hori berrartzea».
Chaplin beti bezain kementsu eta umoretsu agertu zen prentsa aurrean. Papera egiteko aukera nola sortu zen galdetuta, «entxufea» erantzun zuen, «nire bizitza osoan egin dut lan entxufez». Demyk argitu zuen, halere, «aktore heldu moduan» egindako lehenengo lana harekin egin zuela, duela hogei urte inguru.
Hildako amaren lagun minaren papera egin du Chaplinek. «AEBekin eta Europarekin egin nezakeen lotura hoberena zen, kulturarekin duen harremanarengatik».
Carlos Bardem, berriz, Americano klubeko jabea eta Lolaren nagusia da eta lana onartzerako orduan, gaia gertuko sentitu zuela aitortu zuen. «Absentzien gaiak denok ukitzen gaitu, lotura hautsiezinez hitz egiten du baina ez modu melodramatikoan. Exajeratu gabe egiten du, umorez landuz», azaldu zuen.