Fito Rodriguez Bornaetxea Idazlea
Narrazioaren narrastiak
Zoritxarrez, beren azaroaren 20an Josu Muguruzak eta Santi Brouardek ez dute lekurik, nahiz eta biak herriak hautatu eta Euskal Herriko ordezkari politiko legalak izan Franco beste azaroaren 20 batean hil ostean...
Badirudi narrastiak edo erreptilioak animalia ornodun amniotoen klasekoak badirela, adarkizko larruazal lehorra dutenak, ezkataz, plakaz edo ezkutuz estalita daudenak eta ezaugarri nagusiak birika funtzionalak dituzten bizidunak direla. Baina ez naiz narrasti haietaz ariko.
Funtsean, narrastien funtsaz idatzi nahi dut. Inoiz, politika eta iritzi hedabideak nahasten direlarik, politikariek omen dauzkaten gertuko kazetariak eta idazlumak aipatu nahi ditut lerro hauetan. Hau da, agintari jakin batzuen ikuspuntutik, eta haien alde betiere, mundua nola eta zergatik den dagoen bezala kontatzen duten haiek hartu nahi ditut hizpide.
Udaran zehar agertu ohi diren suge mota hauek, maiatzetik hona bitartean «narrazioaren borroka» irabazi beharra dagoela aitatu digute gau eta egun taigabe. Aipatu «narrazioak», Euskal Herrian suertatzen ari den politika zikloaren aldaketari buruzko kontakizuna esan nahi du, prefosta.
Izan ere, ez baitute inolako antzik Larrainen edo Bergaran aurkeztutako «Monzón» pastoralaren argumentuak eta EITBk eskainitako «El precio de la libertad» izeneko filmaren errelatoak Burgoseko epaiketaz ari direla, esaterako.
Franco hil ondoren, psoezialistek 80ko hamarkadaren hasieran eskuratutako botere politikoak aurretik gertatutakoari buruzko kontakizun berria eskatu zuen. Horrela, sugegorrien habia irekita, «trantsizio politikoa» zeritzana kontatu zuten Pregok eta enparauek... orduko narrastien funtsak gizendutako idazleek.
Orain, berriz, Gabilondok eta Rubalcabak, Salabaruk edo Arregik, Jauregik edota Pastorrek gure herrian gertatzen ari den politika eraldaketaz narrazioaren gatazka berenganatu nahi dute eta haren kontakizunaz jabetu.
Ez da gauza berria, goian adierazi bezala, duela ez asko antzerako saiakeraren matakaldia ikusi izan baitugu, baina gaurko honetan, aldiz, gauza bat nabarmentzen da ohiko aldarrikapen honen atzean: orain arteko balizko narrazioak ez duela orain balio, hain zuzen ere. Honezkero argi geratu da, adibidez, Espainiako Konstituzioa aldatzea, posiblea izateaz gain, erraza dela oso.
Zergatik nahi du Rubalcabak, eta bere narrastien funtsa horretan saiatzen da, narrazioaren gudukan irabazi? Badakitelako, jakin ere, Euskal Herriko gatazkaz orain arte erabili ohi duten kontakizunak oraingo parametroen arabera ez duela fitsik balio eta aldatu (edo egokitu) beharrean daudela.
Beraiek Euskal Herrian zegoen disidentzia oro terrorismotzat jo nahi izan dute. Dena zen ETA beren historietan. Berdin 18/98 sumarioan, Jarrai/Segi gazteen aurkako epaiketetan edota Udalbiltza aferan... Auzi politikoa izan dena lege epaiketa bihurtu dute, eta, horrela, historia ere idatzi nahi izan dute. Gizarte arazoak judizialki jazartzeko joera ere izan dute gizarteak berak gainezka egin arte... Baina orain, berriz, ez daukate argudiorik, ez dute argumenturik, ez bide dute historia kontatzeko narrazio sinesgarririk eta haren bila hasi dira arrastaka batere arrakastarik gabe.
Izan ere, ez da gidoia aldatu beharrik. Euskal Herrian bizi dugun historia ez du inork gailendu behar, aitzitik, politikoki bideratu beharra dago, berez, politikoa baita bertoko afera.
Duela urte batzuk, espainiar ustezko trantsizioari buruz orduko idazleak narrazio berriak eskaintzen ari ziren urte haietan, Mario Onaindiarekiko eztabaida publikoa egokitu zitzaidan Ataunen. Mariok hantxe plazaratutako iritzien arabera, Irlanda omen zen adibide gardena politikoki egin behar ez denaz gogoeta egiteko Euskal Herrian. Antzerako esan ez, idatzi baizik egin zuen Kepa Aulestiak sasoi hartan. Handik gutxira, ordea, IRAk plazaratutako ekinbideak, politikoki Sinn Feinek eta beste batzuek garatuta, Ipar Irlandaren eta Erresuma Batuaren artean zegoen guduka desblokeatzeko eta bideratzeko balio izan zuen. Ordutik aurrera independentista irlandarrak ez ziren terrorista gisa hartuak izan hedabide britainiarretan eta hango historia modu berri batez hasi zen kontatzen...
Narrazioaren borroka irabazi? Ez. Aski litzateke bakoitzak bere historia zabaldu ahal izateko askatasunik baleuka, adierazpen askatasunik balego... ideologia ez baita biologia.
Zer egingo dute intelektual lumadun erreptilioak haiek guztiek espainiar jujeek azaroaren 20rako Sortu legez kanpo uzten dutenean? Zoritxarrez, beren azaroaren 20an Josu Muguruzak eta Santi Brouardek ez dute lekurik, nahiz eta biak herriak hautatu eta Euskal Herriko ordezkari politiko legalak izan Franco beste azaroaren 20 batean hil ostean...
Politikan, etikaren gizarte ezarpenean, ez da irabazlerik bilatu behar. Kontua denoi aukera berdinak ematea da. Baita idazketan nahiz argitalpenetan ere.