GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Haize berria, WCT zirkuituan Lehiakide berriak, garaile zaharrak

WCTko araudi aldaketari esker, hiru lehiakide berri ari dira goi mailako zirkuituan. Azken txapelketa Kelly Slaterrek irabazi du, ordea.

p048_f02_199x173.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

WCTko zazpigarren probako irabazlea Kelly Slater izan zen, beste behin ere. Kaliforniako txapelketan aurpegi berriak ikusi ahal izan ziren, zeren aurten ASPk indarrean jarri duen araudi berriarekin, lehiakideen errotazio sistema aldatu egin da, eta itzulia amaitzera itxaron gabe, urtean zehar behar adina puntu lortu dituzten surflariei WCT zirkuitura igotzeko aukera ireki zaie.

Araudi berria

Orain artean, urteroko itzulia amaitu ostean, urtean zehar lehiakideek bildutako puntuen arabera erabakitzen zen hurrengo urterako goi mailako surflarien zerrenda. WCT zirkuitua da maila gorena, bertan 32 surflari eta bi wildcart (gonbidatu) izaten dira lehian eta soilik lehiakide horiek parte har dezakete WCTko itzulian.

Bigarren mailan WQS txapelketak daude eta bertan daude goi mailara igotzeko puntuak bildu nahi dituzten gainontzeko surflari guztiak. WCTko lehiakideek WQS txapelketetan parte har dezakete, baina alderantziz, bigarren mailako lehiakideek ezin dute lehiatu WCTn.

WCT txapelketa batean lortutako emaitzen puntuazioa WQS batean lortutakoa baino altuagoa izaten da, baina hala ere, puntuazio ranking bakarra dago, bi kategoriak biltzen dituena; ASP zirkuituko rankinga alegia.

Araudi berriarekin, lehiakide berriak zirkuituaren erdialdera txertatzen dira WCT zirkuituan. Alegia, urtea amaitu arte itxaron beharrean, urtearen erdialdera, ASPko zirkuituan ordura arte bildutako puntuak kontuan hartuta egiten da lehiakideen errotazioa. Modu horretan, goi mailako surflariak bigarren mailako txapelketetan ere parte hartzera behartuta daude, behar adina puntu bildu ezean, azpitik datozenek beraien postua kentzeko arriskua baitaukate.

Araudi honek zenbait lehiakideren haserrea eragin zuen eta lehiakide batzuk oso kritiko agertu ziren. Bobby Martinezek esaterako, ez zuen onartzen araudi berria eta horregatik utzi zion txapelketetara joateari. New Yorken parte hartu zuen, baina komunikabideen aurrean sekulakoak esan zituen. ASPko arduradunek zirkuitutik kanpo uztea erabaki zuten, baina ez zuten zigortu esan zituenengatik, esan zuen moduagatik baizik, lehiakideek, kontratuz, galarazita daukatelako komunikabide aurrean madarikazioak esatea. AEBetan oso gaizki ikusita dago hizkera gordina erabiltzea jendaurrean, eta Bobby Martinezek hitz itsusi larregi erabili zituen egin zioten azken elkarrizketan. Elkarrizketatzailea bera ere lotsatuta ageri zen, AEBetan ez baita oso ohikoa elkarrizketatu bat madarikazioka aritzea kamera aurrean.

Bobby Martinezen kanporaketa kontuan hartuta eta Dane Reynolds zein Jordy Smith lehiakideak lesioagatik txapelketatik kanpo direla kontuan hartuta, aldaketa handirik ez dela egon esan daiteke. Hiru dira WCT zirkuituko lehiakide berriak, hirurak oso gazteak, inork ez du hogei urte baino gehiago, baina dudarik gabe, haize freskoa ekarri dute zirkuitura.

Gabriel Medina eta Miguel Pupo brasildarrak, eta John John Florence hawaiiarra dira goi mailara igotzea lortu duten lehiakideak. Trestlesen hiruretako inork ez zuen laugarren txandara iristea lortu, baina aurkari arriskutsuak izan daitezkeela frogatu zuten.

Trestles

Kalifornian, Los Angeles eta San Diego artean dago Trestles, Mexikoko mugatik nahiko hurbil. Urte askoan sarbidea debekatuta egon zen, Trestles AEBetako Itsas Armadaren eremua baitzen. 1971. urtean Kaliforniako estatuaren lur eremu bilakatu zen kostaldea eta ordutik surflarientzako ohiko destinoa da.

Aurrez, Trestlesen surf egiteagatik atxilotuak izan ziren surflarien kontakizunak ugariak dira. Lekua zaintzen zuten soldaduek taulak kentzen zizkieten surf egiten atzematen zituzten surflariei, eta ebatsitako taulen kopurua hain izan omen zen handia, non taula guzti haiek gordetzeko lekua ere txiki geratu zitzaien.

Trestleseko kostaldean urautsi bat baino gehiago daude, bata bestetik nahiko gertu. Harea eta harrizko hondoak dituzten urautsiak dira; beraz, olatuaren forma sasoian sasoiko harea kopuruaren arabera aldatzen den arren, urautsien kokapena zehatza da.

Goitik behera, Cotton Point, Upper Trestles, Lower Trestles eta Church urautsiak daude. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta itsaskien norabideak desberdin eragiten du urautsi bakoitzean.

Trestleseko txapelketa oso ezaguna da, azken hamaika urteetan WCT zirkuitua osatzen duten leku finkoetako bat baita.

2000. urtean txapelketa hau egiten hasi zirenetik final ikusgarri asko izan dira Trestlesen, baina azkenengoa bezalakoak gutxi. New Yorken egin zen txapelketan finalean izan ziren bi lehiakide berak izan ziren buruz buru Trestlesen ere: Owen Right eta Kelly Slater. New Yorken Right nagusitu zen, baina Trestlesen Slater izan zen irabazlea. Slaterrek oso ongi ezagutzen Trestleseko olatua; izan ere, aurtengoarekin bosgarren aldiz irabazi du leku honetan.

Finala zinez ikusgarria izan zen. Irailaren 21ean izan zen, Euskal Herrian gaueko hamaikak zirenean Kalifornian arratsaldeko ordu biak ziren, eta txapelketa zuzenean ikusi ahal izan genuen Internet bidez.

35 minutu irauten duen finala apartekorik gabe garatu zen, baina amaitzeko zazpi minuturen faltan gauzak arrapaladan gertatu ziren eta ikuskizun ederra izan zen. Trestlesekoa bi norabideko urautsia da, oso zehatza; beraz, lehiakideak bata bestearengandik oso hurbil izaten dira eta horrek askotan olatua hartzerako orduan interferentziak egotea eragiten du, horregatik kontu handiarekin ibiltzen dira surflariak olatua aukeratu eta arraun egiterako orduan.

Finala amaitzeko zazpi minuturen faltan bi lehiakideak puntutan oso parekatuta zeuden, Owen 13.87 punturekin eta Kelly 13,67 punturekin. Orduan, serie garbi bat sartu zen, eta lehiakide bakoitzak olatu eder bat egin ahal izan zuen. Postuak aldatu ziren, Kelly lehen postuan jarri zen eta Owen atzean geratu zen, baina oraindik nahiko parekatuta jarraitzen zuten.

Halako batean, txanda amaitzeko bi minutu falta zirela Owenek zerbait bazetorrela ikusi zuen eta taularen gainean zutik jarri zen olaturik ba ote zetorren hobeto ikusteko. Ordura arteko serie ederrena zetorren eta bi lehiakideek bazekiten han zetozen olatuak erabakigarriak izango zirela. Lehen olatua Owenek hartu zuen, bizkarkako aereo bikain batekin hasi zuen olatua, eta bira bortitzak egiten jarraitu zuen, amaiera arte. Olatu horretan 8'87 puntu lortu eta Kelly garaitu zuen. Atzeko olatuan etorri zen erantzuna ordea, Kellyk 9 puntuko itzelezko olatua egin zuen eta minutu baten faltan bera jarri zen buru. Olatu horren ostean Kellyk lehorrerako bidea hartu zuen, baina Owenek arraunean jarraitzen zuen urautsirantz, beste olatu on bat hartzeko esperantzaz, baina ez zen beste olaturik etorri. Kelly 17'50 punturekin eta Owen 16'74 punturekin, Floridakoa izan zen garaile azken segundora arte tentsioa izan zen lehiaketan. Bi lehiakideek azken zazpi minutuetan egin zituzten bi olatu onenak; beraz, ikusleen gozamenerako, azken txanpa oso bizia izan zen.

Azken emaitzen ondorioz, Slaterrek jarraitzen du ASPko rankingeko buru eta atzetik Wrightek jarraitzen dio. Hurrengo txapelketa gertu dugu, Hossegorren, urriaren 4tik 13ra, bertatik bertara ikusteko aukerarekin.

Aurpegi berriak

Urtea amaitu arte itxaron beharrean, urtearen erdialdera, ASPko zirkuituan ordura arte bildutako puntuak kontuan hartuta egiten da lehiakideen errotazioa. John John Florence, Gabriel Medina eta Miguel Pupo dira WCTko lehiakide berriak; hirurak, hogei urtetik beherakoak.

Trestles

Sarbidea debekatuta zegoen, AEBetako Itsas Armadaren eremua baitzen. 1971. urtean Kaliforniako estatuaren lur eremu bilakatu zen kostaldea, eta ordutik ohiko destinoa da surflarientzat. Aurrez, asko izan ziren bertan surf egiteagatik atxilotuak izan ziren surflariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo