Surflari ernegatua
Surflari misiolari
BAT Basque Team-eko zenbait surflarik iragarki bat egin dute. Sumbawa irlako haur eta gazteentzako heziketa zentro bat eraikitzeko proiektua bultzatu nahi dute eta gainerakoei ere gonbita luzatu digute: «Esta es la realidad del pueblo indonesio. Ayúdame a ayudarles».
Indonesiako errepublikak 17.508 irla eta 237 milioi biztanle ditu. Irla horietako bat Sumbawa da, 15.448 kilometro karratuko azalera eta milioi eta erdiko biztanleriarekin. Bertako urautsiak oso ezagunak dira eta itzelezko olatuak daude.
Orain Sumbawako haurrengatik keinu bat egiteko eskatzen digute, etxean inoiz ezer egiteko gai izan ez diren berberek. Iragarkiko protagonistak nortzuk diren ez dut esango; bekatua bai, baina bekataria nor den ez baita esaten. Baina inoiz haietako batzuei minbizia duten haurrekin abesteko edo antzerako ekimenetan parte hartzeko gonbita luzatu beharra suertatu zait eta ezezkoa izan ez denean, ez da erantzunik ere izan. Kasualitatea, antza, olatu onak dauden irletako haurrek bakarrik behar dute laguntza.
Agian utopikoa naiz. Lehen munduko biztanle gisa, bertako arazoei erreparatzen diedan heinean burges txiki eta hipokritatzat hartuko naute, mundua dagoen bezala, hemengoak txikikeriak direla diotenek. Mendebaldean dugun bizi kalitate bikain honekin kexu agertzen garenok hipokrita hutsak garela diotenek. Alegia, inoiz ezer egiten ikusi ez ditudan horiek. Zeren agian boluntario lan mardulak egin dituzte, ez dut horren zalantzarik, jende asko etxetik kanpora oso borrokalari bilakatzen baita, baina hemendik urrun, urrunegi agian.
Sentitzen dut Sunbawako haurrengatik. Ez haiei laguntzeko keinu txikiena ere egingo ez dudalako, haiek «heztera» doazenak nortzuk diren ikusita, egitera doazen horretan erantzukizunik izan nahi ez dudalako baizik.
Sarrionandiak dioen moduan: «Mundua aldatzea ez da liberazio garbi idiliko bat imajinatzea leku urrun batean, baizik eta norbera bizi den lekuan egitea ahal dena».