«Asko gozatu dut `Sistematik ihes' bidea eskalatzen»
Eskalatzailea
Eskalatzaile gasteiztarrak sari berezia jaso zuen pasa den hilak 18an. Oso baldintza egokiak zeuden esku artean zuen erronka burutu ahal izateko, eta, Ziarrustak, jakina, ederki aprobetxatu zuen aukera. Azkenean, Nafarroako Aizpunen «Sistematik ihes» bidea kateatu zuen, 9a zailtasunean sartzeko balio izan diona. Bidea eskalatzen duen hirugarrena da, Ekaitz Maiz eta Gorka Karapetoren atzetik.
Andoni ARABAOLAZA
Mikel Ziarrusta eskalatzaile gasteiztarrak beste urrats bat eman du bere ibilbidean. Oraingoan, inolako zaratarik atera gabe, muturreko zailtasunean dagoen mito batera, 9a dimentsiora, pasa da. «Sistematik ihes» bidea aitzakia gisa hartuta, Aizpunen lortutako balentriaz hitz egin dio GARAri gasteiztarrak.
9a gradutik oso gertu zeunden, baina pasa den hilak 18ra arte ezin izan zara bederatzigarren dimentsioan sartu. Zer-nolako azterketa egiten duzu urrats horri buruz?
Luzaroan gertu izan ostean lortu dudan arren, egundoko subidoia izan da. Jakina, hori erdiesteko gogor entrenatu dut aurten, batez ere udan eta arrokan. Niretzat bederatzigarren dimentsioan sartzea mito bat besterik ez da. 9a bat egin nezakeela banekien, baina horretarako marra hori nire ezaugarrietara egokitu behar zen. Beste estilo bateko 8c bat egin dezakezu, eta horrekin nahikoa duzu. Horrekin esan nahi dut 8c plakero batean gaizki moldatu eta, aldiz, sabai batean 9a bat egin dezakezula. Uste dut eskalatzaile ona izateko estilo ezberdinetan eskalatu behar dela.
Beraz, ez diot esfera horretan sartzeari garrantzi handirik ematen. Finean, nire ibilbidean eginiko beste bide bat da. Eskalatzaileok eskuarki geure mugak gainditzen saiatzen gara; horretan jartzen dugu gure energia osoa. Berdin dio 7b edo 8c izan. Denok berdin sentitzen dugu, bakoitzak bere mailan; urrats bat aurrera egiten dugunean sentipen bera dugu guztiok. Nire kasuan «Sistematik ihes» bidearekin muga bat apurtu dut. Jakina, zenbaki batetik bestera aldatzea ederra da oso.
Aurretik hainbat 8c+ eta 8c+/9a bat bazenituen. Zailtasun horretatik 9a gradura alde handia al dago? Kosta egin al zaizu urrats hori ematea?
Inolako zalantzarik gabe, bai. Egun, oso sasoiko nago; 8c+ graduko bideak erraz egin ditut. «Sistematik ihes» bidea kateatzeko hamabost saio behar izan ditut; ez dira asko, baina kosta egin zait.
Jakin badakit «Sistematik ihes» bidea egin aurretik 9a graduko hainbat marra probatu dituzula, baina ez zarela ondo moldatu.
Hala da. Horietako bat «Il domani» (Baltzola) izan da, baina mugimenduekin ez naiz batere fin ibili. Gaubeako «Psikoterapia» ere probatu dut, baina utzi egin behar izan nuen. Aurten, berriz, «Sistematik ihes» aurkitu dut. Nire ezaugarrietarako oso egokia da, eta abuztuan saio batzuk egin nituen. Bai, aitor dezaket 9a graduko bideen atzetik ibili naizela.
Argi geratu da «Sistematik ihes» bideak eskaintzen dituen mugimenduetan zein sekuentzietan primeran jardun duzula.
Bai, oso gustura jardun dut. Saio asko eskatzen dituen bide bat saihestu nahi nuen, nekatzeaz gainera nagitasuna sortzen didalako. Bide berriak probatzea gustuko dut, besteak beste, erronka batean buru-belarri aritzeak eta behin eta berriz bide berdina igotzeak burua nekatzen didalako.
Zer iruditu zaizu «Sistematik ihes» bidea?
Oso fisikoa eta aldi berean oso teknikoa da. Amaieran erregeleta txikietatik oso ondo egin behar duzu tira; zati horrek ematen dio gradua bideari nire ustez. Oso gustura jarduteaz gain, azpimarratu behar dut Ekaitz Maizek ekipatu duen bide hau oso-oso ona dela.
Arestian aipatu duzu hamabost saiotan kateatu duzula. Probatzen ikusi zaituztetenek diote oso saio onak egin dituzula eta oso sasoiko eskalatu duzula, baina, era berean, buruak «tranpa» batzuk egin dizkizula.
Hala da. Oso mugimendu luzeak ditu bideak, eta une ia guztietan oso koordinatuta joan behar duzu. Hori dela eta, tentsioa biderkatu egiten da; beraz, burua fin mantendu behar duzu. Ezin duzu burua galdu; bestela, akabo.
«Sistematik ihes» kateatu baino egun pare bat lehenago oso saio ederrak egin zenituen. Oso eskura zenuen, baina saririk gabe geratu zinen. Kateatze egunean, aldiz, oso hasiera txarra izan zenuen arren, azkenean helburua erdietsi zenuen. Zer gertatu zen?
Bada, bezperan lana izan nuen, eta, gainera, furgonetan egin nuen lo. Baina oso baldintza onak zeuden: hotza eta haizea. Lehen saio bat egin nuen eta segituan erori nintzen. Bigarren bat egin eta berriro erori nintzen. Neure buruari esaten nion ez zela egun ona izango; hala ere, hirugarren saio bat egitea erabaki nuen entrenatzeko asmoarekin. Atseden lekura iritsi nintzen, jarraitzea erabaki nuen, plakan ondo baino hobeto estutu nuen eta azkenean katera iritsi nintzen. Ez nuen sinesten!
Katetik oso hunkituta jaitsi zinen.
Bai, bai. Ez nekien zer esan; hitzik gabe nengoen. Han ziren lagunak besarkatu, guztiei bostekoa eman... Oso hunkituta nengoen. Ondoren, guztiak afaltzera gonbidatu nituen.
Aizpunen bertan dagoen «Pistolaren mintzoa» (8c+) egun bateko hiru saiotan atera zenuen. Horrek motibatu al zintuen «Sistematik ihes» probatzeko?
Bai. Nahiz eta «Pistolaren mintzoa» oso saio gutxitan egin dudan, «Sistematik ihes» askoz ere zailagoa da: 9a gradukoa da. Azken marra horretarako indarra landu behar izan nuen. Hiru aste entrenatu ondoren itzuli nintzen.
«Pistolaren mintzoa» aipatu dugunez, aitortu beharra dugu bide horretan jardun bikaina egin duzula. Bertan egindako hiru saioekin geratzen zara ala «Sistematik ihes» bidean egindako hamabostekin?
Inolako zalantzarik gabe, «Sistematik ihes» bidean egindako lanarekin geratzen naiz. Bestea, zuk diozun bezala, bikaina izan zen, baina 9a graduaren atzetik bi urte neramatzan. Eta «Sistematik ihes» lehena izan da. Uste dut hasiera besterik ez dela, hots, bide horrek zailtasun bereko beste batzuk egiteko ateak zabalduko dizkidala.
Txoritxo batek esan dit «Sistematik ihes» egin eta gero «Hippyek ez dute dietarik egiten» bidean sartu eta gaizki pasa zenuela. Ekaitz Maizek ekipatutakoa da, eta berak dio 7b edo «gehiago» dela. Hain bide «erraza» izanik, zer pasa zitzaizun?
(Kar-kar). Joan eta probatu! «Sistematik ihes» kateatu ondoren, beste bide bat probatu nuen eta ondoren zuk aipatutakoan sartu nintzen. Leher eginda nengoen! Batere indarrik gabe. Bistaz sartu nintzen eta segituan erori nintzen. Ondoren, flash-ean eta komeriak eta bi pasa nituen. Ezin nintzen katera heldu! 7b edo gehiago? Seguru 8a zailtasunetik oso hurbil dagoela.
Azken bolada honetan hiru 8c+ egin dituzu («Pistolaren mintzoa», «Mikelats» eta «Obaba»), baita 9a bat ere, aipatzen ari garen «Sistematik ihes». Harrigarria daukazun sasoia. Non dago horren giltza?
Aurtengo helburua 9a bat egitea zen. Ander Gardeazabalek gidatutako entrenamendua egin dut. Hilabete bat pasa nuen 8a eta 8b arteko makina bat bide egiten; den-denak arrokan. Serieak ziren, zortzi eta hamar luze artekoak.
Egunero horrela jardun nuen, eta erresistentzia handia hartu ere. Bi asteko atsedena hartu, arrokara itzuli eta «Pistolaren mintzoa» eta «Mikelats» sinatu nituen. Ondoren, «Sistematik ihes» probatzen hasi nintzen. Erresistentzia bai, baina indar pixka bat landu behar nuen. Horrela hiru astez jardun nuen, batez ere blokea egiten. Eta «Obaba» zein «Sistematik ihes» poltsikora. Ikusten duzunez, den-dena primeran atera da.
Eta, orain, zer asmo dituzu?
Baltzolan nik neuk ekipatutako «Hala Bedi» bidea probatu nahi dut. Korean ere «Sargori» izeneko proiektu bat probatzen ari naiz; 8c+ inguruan egongo da. Jakina, zintzilik utzi nuen «Il domani» ere hor dago. Eta, jakina, eskalatu eta eskalatu!