GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

«Ez dago» iruzurra

Bestelako helburuak ere izan litzakete jaialdiek, baina xede nagusia hartzaileak gozatzea eta ingurukoei kontatzea da, hurrengoetan bisitari kopurua handitu eta ez diezaion hazteari utz, alegia, ez dadin hil. Horrelakorik nekez gertatuko da Donostiako Zinemaldiarekin, esaterako, finkatu baino finkatuago dagoena nazioarteko panoraman. Gure zine jaialdiak ez die zertan inbidia izan Berlin edo Cannesekoari, adibidez, aurrekontuari dagokionez salbuetsita, agian.

Aldeak alde, badituzte denek osagai komunak, ezinbestekoak: lekuaren edertasuna, alfonbra luzea, haragi-hezurrezko izarren distira eta glamour-a... eta, jakina, filmak. Filmok irabazi ala ez egingo dute, lehiatzen egonez gero, bestela ere gehiago hedatu eta ikusiko dira, jaialdiak emandako oihartzunari esker, publiko zabalaren eskurago jarrita, ezezagun jarraitzeari uzteko aukera emanda askori. Ez da zuzendari entzutetsuen lanen kasua izango, edonola ere banaketa ziurra izango baitute, baina bai beste askorena.

Asko horien artean, baina, ezingo ditugu emakume ugari aurkitu. Bilatu bila dezakegu, eta aurkituko dugu bat ala beste; hala ere, gizonen artean mugitzen diren salbuespenak izaten jarraitzen dute, eta hori Donostiak, Cannesek eta beste guztiek duten beste osagai bat da. Badaude esaten dutenak horren arrazoia ez dagoela dela, alegia, ez dagoela emakume zuzendaririk, emakume gidoilaririk, emakume produktorerik... edo argazkiaz edo musikaz arduratzen denik, edo oso kopuru txikian daudenez, halakoa izaten dela kanpora begirako isla, zinemaldietan, kasu.

Azken hamar urteotan, esate baterako, film espainiarren %7 baino ez dira emakume batek zuzenduak izan; horietako %15ek dute emakume baten sinadura eta %20k besterik ez dute emakume bat produkzioan izan. Euskal Herriko ekoizpenari dagokionez, dela zinemarako, dela telebistarako, datuok askoz urriagoak liratekeelako susmoa dut. Izango ote da herri txikiagoan are gutxiago daudelako? Edo, hemengo aukeren egoera ikusita, ia denak kanpora joan direlako? Badago, estatu mailan, emakume zinegileak eta ikus-entzunezkoen munduan lan egiten dutenak biltzen dituen elkarte bat, CIMA, bere baitan 300 bazkide inguru dauzkana. Elkarte horrek Esquenohay sariak sortu zituen duela gutxi, hain justu zinean eta telebistan emakumeen ikusezintasunari eusten laguntzen duten erakundeak, pertsonak edo hedabideak «salatzeko», gezurrezko «ez dago eta» aitzakia erabilita egunerokoan horiek guztiek egikaritzen duten diskriminazioa azalarazteko asmoz. Begien bistakoa baita egon badaudela, 300 baino askoz gehiago, gainera, eta arazoa kudeaketa-erabakietan eta horien ondorioz ematen diren aukeretan, bideetan eta baliabideetan dagoela erabat. Ohituraren, kontsumitzera eman nahi denaren eta lan-gaitasunak sailkatzen segitzearen poderioz.

Halakorik ez zaigu ikusaraziko, ordea, zinemaldi batean, izarrek itsutu eta zinemaren distirak lilura gaitzan nahi baita, eta horretarako bai, horretarako emakume aktore ederrez beteko dute alfonbra, apaingarri. Zinea emakumez josita dagoelako iruzurrari eutsita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo