GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Aviron ez da erreakzionatzeko gai, eta egoera gero eta okerragoan dago

AVIRON 0

ROUEN 1

Jon LEUNDA

Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina Avironen egoera oso larria da. Bi puntu besterik ez ditu, eta mailari eusteko aukerak gutxitzen ari zaizkio.

Taldea ez da gaizki ari, baloia ongi mugitzen du, baina golak egitea ikaragarri kostatzen zaio, eta aurkariek ez diote barkatzen. Herenegun gauean Rouenen aurka beste horrenbeste gertatu zitzaion. Gainera, azkenaldian lapurtarrek ez dute partidarik amaitzen 11 lagunekin; oraingoan Matutuk ikusi zuen txartel gorri zuzena.

Alain Pochatek zuzentzen dituen mutilak agintzen hasi ziren, baina izandako aukerak ez zituzten baliatu. Gainera, atsedenaldira joateko hamar minutu falta zirela, kanpotarrek gola lortu zuten. Bigarren zatian gauzak ez ziren aldatu.

Rouenek datorren urtean Bigarren Mailan egon nahi du, eta ez zuen arrisku handirik hartu; hala, baloia zuri-urdinek izan zuten. Hala ere, ez zuten minik egiten. Arriskua sortu bai, baina golik sartu ez, eta horrela ezinezkoa da garaipenik lortzea.

Denboraldi honetan egindako jokoari begiratuta, puntu gehiago beharko lituzke Avironek, baina horrek ez du balio, azkenean golak sartzeak bakarrik balio baitu, eta garbi dago euskaldunek hori ez dutela egiten. Pochatek aldaketa asko egin ditu, denetik probatu du, baina gauzak ez dira irteten, eta aurtengo Aviron hartzen ari den itxura oso txarra da, erreakzionatzeko itxurarik ere ez baita ikusten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo