berezkoak Arrosako Torneoa
Paxkal Ezkurra bere maila onena berreskuratzen ari da, eta berriz ere diferentziak markatzen hasita dago jada
Jon LEUNDA
Lanbertek eta Ezkurra II.ak Ibarrolaren eta Kurutxariren aurka jokatuko dute datorren igandean Arrosako Torneoko finala, bi bikote horiek lortu baitzuten garaipena herenegun jokatutako bi norgehiagoketan.
Badirudi berriro ere lehengo ohiturak indarra hartzen ari direla, eta Arrosan ere lehiaketa 50 kintzera jokatzen da. Bi finalerdiak nahiko politak atera ziren, eta, ondorioz, zaleak konforme joan ziren etxera. Lehen partidan, Lanbertek eta Ezkurra II.ak 50 eta 41 hartu zituzten mendean Etxeberri eta Harizmendi. Partidak ikusmin dezentea piztu zuen, zaleek Ezkurra II.a eta Etxeberri ikusteko gogo handia baitzuten.
Paxkal Ezkurrak urte txarra pasatu du, baina aurtengo udan berriro ere indartu da, eta bere mailarik onena ematen hasi da; pilotarentzat, noski, berri ona da. Bestetik, Etxeberri gaztearengan itxaropen handiak daude. Oso maila oneko pilotaria da eta jendeak gustuko du, nahiz eta eskarmentuak ematen duen erregulartasun hori falta duen.
Azkenean, Ezkurra atera zen garaile. Atzelaria bikain aritu zen, eta, Lanbertek aurrean emandako laguntzarekin, finalerako bidea egin zuen. Hori bai, izerdi asko bota behar izan zuten irabazleek. Lehia estu samar joan zen, baina, azkenean, irabazleen freskotasunak erabaki zuen lehen finalerdia.
Bigarrengoa ere nahiko partida txukuna atera zen. Ibarrolak eta Kurutxarik 50 eta 39 irabazi zieten Bielleri eta Ozafraini. Gakoa aurrean egon zen, Ibarrolak oso lan ona egin baitzuen. Egun ona duenean min handia egin diezaioke edozeini Ibarrolak, eta horixe gertatu zen Arrosan. Atzean Kurutxari ere oso maila onean aritu zen. Udan baxuago ere izan da, baina badirudi bere joko bolada ona berreskuratu duela.
Finala datorren igandean jokatuko da, nahiko ordutegi goiztiarrarekin. Izan ere, 10.30ean abiatuko da txapelaren lehia erabakiko duen neurketa. Arrosako Torneoa Udazkeneko Txapelketarako baliogarria izango da.