GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Garrantzitsua izatea ez da garrantzirik gabeko kontua

Lagun on batzuekin afari pasada eginez, euskal presoek Gernikako Akordioa bere egiten zutela jakin zen gau berean, majo pozik denok ere, aurreratutakoaz eta aurretik daukagunaz hitz eta pitz, zutabe hau idazteko gaia atera nuen. Ez naiz originala izango, ekonomiaz ni baino gehiago dakiten eta bankuen inguruan ni baino adituago diren beste askok aurrez idatzi baitute. Lagunak zuzen galdetu zuen: «Eta Kutxa Bank horrekin, ze ostia?». Orduz geroztik, kontua buruan dabilkit. Izan ere, deseroso xamar eta ulergaitz sentitu nituen oso etxekoak direnak.

Bai, denborak aldatu egin dira, bai. Pegatak paparretan ipini eta errifak salduz dirua biltzen genuen garaiak iragan direla esatea askotxo esatea da agian, baina egunkaria erosi eta kafe beltz baten lurrunetan jende berberaren baiezkoarekin banku baten sorrera iragartzen dela leitzerakoan, aldaketa itzela dela onartu beharra dago. Txantxetakoa ez den tamainako aldaketa gainera!

Irakurri ditut hitzartu direnak. Paperean, ederrak. Baina papera papera da. Beste negoziazio klase batzuetatik hori badakitela ez dut zalantzarik. Euskalduna hitzezkoa den ala ez, berdin zait. «Euskal» akordioak ere berdin-berdin hausten baitira. Ekonomiaren krisiak baldintzak zer-nolako abiadan aldatzen dituen hain argi erakutsi digun honetan, gainera, hitzartutakoa ez da garrantzitsuena.

Galdera interesgarri bat pausatu da Kutxa Bank aferarekin: une eta epe zehatz batean posible denaz erabaki behar da ala kalkulu hori alboratu eta idealen defentsan zentratu beharra dago? Errealitatea kontuan hartzen ez bada eta zure printzipioei soilik eusten badiezu, eztabaidan garrantzia galtzearen edo garrantzirik ez izatearen arriskua dago. Baina, beste alde batetik, printzipiorik ez badago, zer gelditzen da? Ez dago dilema horrentzako erantzun perfekturik. Funtsean, testuinguruaren araberakoa da erantzuna.

Bildu gabe ere Kutxa Bank aurrera aterako litzateke. Kutxaren batzarrean transfugak erosiko zituzten. Gogoratu bestela Araban EBko bi botoak saltzeko egindako eskaintza. Bilduk baiezkoa erabaki du idealaren mundukoak ez diren errealitate eta baldintzetan.

Bilduk du gipuzkoarren ondareren zaintzaren ardura, herriak emandako mandatua. Horretarako, hobe barrutik eragitea, erne eta arduratsu beti. Horrela, Bilduk zentzu pragmatikoa duela erakutsiz. Eta, batez ere, herri honetan garrantzitsua dela demostratuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo