Aitor Gorostizaga | AEK-ko irakaslea
Animo!
Gure diskurtsoa askoz zabalagoa da, anitzagoa: burujabetasuna, autogestioa, bakea, errespetua, etxerat, berdintasuna, euskara, elkartasuna, lana, etorkizuna, kultura
Epaiketak gazte mugimenduaren kontra; bakearen aurkako epaiketak, hau da, «Bateragune auzia»; mehatxuak nonahi, hala nola Donostiako Alde Zaharrean; atxiloketak; autogestio ereduen suntsipena; sakabanaketa; isunak; jipoiak; inposizioak; axolagabekeria... Zerrenda amaigabea da, baina amaigabea den arren, herri mugimendua gero eta indartsuagoa da, honen guztiaren ostean altxatuko baikara beti egin dugun legez. Oztopoen aurrean erreakzio gaitasun handia daukagu, eta hau erraz ikus daiteke. Kukutza III gaztetxearen izena ez da hiru zenbakia polita delako, baizik eta lehenago Kukutza I eta Kukutza II existitu zirelako, eta Kukutza IV jaioko ahal da! Ilegalizazio luze honen ostean botoa emateko eskubidea berreskuratu dugu inoizko indar handiena lortuz. Egunkari honen edizio berezi bat beharko nuke buruan ditudan adibide guztiak aipatzeko.
Kukutzakoa beste adibide bat izan da. Haiek armen boterea izan arren, geuk egia eta gogoaren indarra daukagu eta, oztopoak oztopo, aurre egingo dugu aurre egin behar dugun bidetik, zenbaitetan beste bide bati heltzeko gogoa izan arren (eskerrak kontzientziaren harra daukadala!), eta bakarra ez naiz izango. Azken berbetan adierazi dudana gertatzea nahi dute, baina jai daukate!
Espainiako gobernuak (Euskadi eta Espainia) EAJren laguntzaz dira armak erabiltzen dituztenak, haiek dira burua estaltzen dutenak, haiek dira suntsitzaileak, haiek dira legeak egiten dituztenak nahien arabera arau urratzaile nagusiak izanda. Hitza erabili beharrean, bortizkeria erabiltzen dute, «bakezaleak» diren horiek duten jarrera argi eta garbi erakutsi dute. Halere, aro berria bada ere, ez gara kikilduko, ez gara isilduko, gurea dena defendatuko baitugu. Zer ez ote genuke egingo gure etxea txikitzera etorriko balira? Zer ez ote genuke egingo etxetik botako bagintuzte? Harritzekoa al da Errekalden gertatu dena...?
Diktadura garai honetan, non sindikalistak atxilotzen dituzten, non eskubide eskaerak borraz eta pilotakadaz isilarazten dituzten, herritarrok bidea egiten ari gara independentziarantz, burujabetasunerantz, autogestiorantz, preso eta iheslari guzti-guztiak etxean egon arte, gurekin. Asko sufritu dugu, eta duela urte batzuk omenaldi batean herrikide batek esan zuen bezala, inork ez digu sufritzen irakatsiko, zoritxarrez badakigulako eta sufritzeke daukagu asko. Halere, aurrera!
PSOE, PP eta EAJ ETAri begira bizi izan dira, ETAri begira bizitzeaz gain, ETAri esker boto asko lortu dituzte, eta hau irakurri ostean inor minduta sentitzen bada, azter dezala zergatik dagoen Lehendakaritzan PSOE edo EAJk zergatik lortu duen hainbat udalerriren kudeaketa. Azter ditzala Euskal Herriaren inguruko PPren diskurtsoak. Zenbatetan txertatu dute «ETA» berba? Zenbat egitasmo aurkeztu ditu herria hobetzeari begira...? Argiak izan gaitezen! Gure diskurtsoa askoz zabalagoa da, anitzagoa: burujabetasuna, autogestioa, bakea, errespetua, etxerat, berdintasuna, euskara, elkartasuna, lana, etorkizuna, independentzia, kultura, senideak... Cesar Vidalek uste duena baino hiztegi aberatsagoa daukagu.