GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Negozioak tarteko, errazagoa da Marokoko erregimenaren alde agertzea

Nicolas Sarkozy presidente frantsesak Marokoko errege Mohamed VI.arekin inauguratu zituen atzo herrialde hartan eraikiko duten abiadura handiko linearako obrak. Herrialde arabiarretako matxinaden testuinguruan, arreta ematen du presidente frantsesak marokoar erregearen ondoan agertzeak eta, areago Mohamed VI.ak bere «arabiar udaberria» geldiarazteko asmoz proposatu dituen neurriak txalotzeak. Hala ere, negozioak tarteko, horrelako hipokrisia ariketak bekatu txiki bat baino ez dira, nonbait. Marokoko demokraziaren bizkortasunaz aritu zen atzo Sarkozy, baina ez da harritzekoa, Tunisiako erregimenari matxinatuak erreprimitzeko laguntza militarra eskaini zion presidente bera baita. Baina Muamar Gadafiren aurkako esku-hartze militarra bultzatu eta Libia bonbardatzeko presarik handiena izan zuen presidentea ere bada. Orain ordea, Marokoko erregearen neurrien alde agertzen da, Otsailaren 20ko Mugimenduak, Mendebaldeko sahararrek onartzen ez dituzten neurrien alde, alegia. Baina Marokoko abiadura handiko trena «frantsesentzako enplegua» da, Sarkozyk dioenez, horrek errege marokoarra demokratago bihurtuko balu bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo