GARA > Idatzia > Euskal Herria

Legorretako Udalak babesa eman dio Guardia Zibilak asteartean atxilotu zuen herritarrari

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Magrebeko «Al Kaeda taldeari laguntza ematea» egotzita, asteartean bost gizon aljeriar atxilotu zituen Guardia Zibilak Gipuzkoan eta Nafarroan. Horietako bat da Abdelghaffour Bensaoula, Legorretako bizilaguna. Geroztik inkomunikatuta daukate, beste lau atxilotuak bezala.

Hain zuzen, Legorretako Udalak herriko bizilagunari, baita bere familia eta lagunei ere, «une latz hauetan» elkartasuna adierazteko mozio bat onartu zuen atzo, Udal Gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioko abstentzioarekin. «Gaizkile gisa tratatu dute komunikabideek, errugabetasun presuntzioa erabat alboratuz. Ezagutzen dugunok badakigu herritar zintzo eta bere ingurukoekin solidarioa dela Abdel», dio onartutako testuak.

Halaber, atxilotuek inkomunikazio aldian jaso dezaketen tratua dela-eta «erabateko kezka» azaldu, eta inkomunikazio egoera berehala bukatu dadila eskatu dute mozioan.

Osoko bilkuran 60 lagun inguru bildu ziren, alderdietako ordezkariez gain, herritar, lagun eta lankideak. Abdelek Prodema enpresan zuen lanpostua galdu bazuen ere, bere lankide ohiak bertan izan ziren. «Bots urtean elkarrekin aritu gara lanean eta dituen balioak zeintzuk diren jakinda, hau ezinezkoa da...», zioen batek.

Orain urte eta erdi enpresak langile batzuk kaleratu zituen, eta greba ugari egin ziren. Egoera hartan «aurreneko unetik Abdel buru jarri zen, langileen alde izugarri borrokatu zen, jakin arren bera zela kaleratuetako bat».

Batzarren ostean bere solidaritatea nabarmendu zuten. «Beste langileek borrokan jarraitu genezan enpresak eman behar zion dirua emateko prest agertu zen», azaldu zuten, eta «errugabea da», gaineratu.

LAB sindikatuan afiliatuta zegoen, eta, horregatik, sindikatuak ere bere ezinegona azaldu zuen atzo, mozioari babesa agertuz.

«Denon kezka»

Tolosako lagunak ere gerturatu ziren Legorretara, Mustafak, Litaarafu elkarte interkulturaleko presidenteak «denon kezka» agertu zuen eta bere emaztea «lur jota» dagoela adierazi zuen.

Bide batez, inkomunikazio egoera salatu zuen, «non dagoen, zer moduz dagoen jakiteko eskubidea dugulako». Gainera, etxeko miaketak iraun zuen ordu luzeen ostean Guardia Zibilak etxea hankaz gora utzi zuela salatu zuen. Guztia lehenbailehen argituko den desioarekin, Abdel «mutil bikaina» dela esan zuen. «Tolosan galdetzea besterik ez duzu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo