«Ataun of the dead» filmean, zonbiek Patxi Lopezen aurka iraultza egingo dute Ataunen
M. LARRINAGA | HERNANI
80ko hamarkadako zonbiei buruzko filmak oso gogoko dituzte Xabier Padinek eta Beñat Iturriozek. Biak arkeologoak dira, eta Ataunen lanean ari zirela, zonbiei buruzko film labur bat egitea otu zitzaien, «Ataun of the dead» izenekoa.
Lehendakaritzara lehenengo lehendakari ez-nazionalista iristen denean, bi zientzialari karlista Zumalakarregi berpizteko esperimentuak egiten hasiko dira. Esperimentuetan Idiazabaleko lehiaketan aurkeztuko duten gazta kutsatu egin da, eta ondorioz ataundar guztiak zonbi bihurtuko dira.
«Uneoro beste film eta generoen gauzak sartzen dira. Mikel Laboaren abesti batzuk ditugu Sergio Leoneren western pelikuletako giroa emanda jotzen direnak, adibidez», dio Iturriozek. Izenburuari dagokionez, zonbien filmetako oinarri izan zen George Andrew Romeroren «Dawn of the Dead» izenburua hartuta, eta dawn eta Ataun hitzen arteko antzekotasunaz konturatuta, «Ataun of the Dead» filma sortu du bikoteak.
«Ez dugu zinema munduari buruzko noziorik, libururen bat irakurri dugu, baina erabat autodidakta izan da grabaketa prozesua. Amateur-era iristeko ere komeriekin ibili gara», azaldu du Iturriozek. «Irudi asko erreta agertzen ziren, audioarekin ere arazoak izan genituen... », gaineratu du.
Laburrak hogei minutuko iraupena du eta bertan parte hartu duten zonbi guztiak Padinen eta Iturriozen kuadrillakoak izan dira. Makillajea ere beraiek erositakoa eta egindakoa da, tomatea lehengaia izan baita, eta elkar margotzen ibili ziren grabaketarako. «Pelikulan agertzen diren jantzi guztiak nireak dira eta musika ere kuadrillako beste lagun batekin egin nuen». Talde lanean egindako film laburra, goitik behera.
Grabaketa amaitutakoan, lagunei erakusteko, Hernaniko Uru tabernan proiektatu zuten. Eta erakustaldiarekin jarraituz, gaur Hernaniko Biteri kultur etxean ere bi emanaldi izango dira, 20.00etan eta 21.00etan. «Ez da profesionala, baina barre egitekoa da. Zonbiek ez dute beldurrik ematen, barregura baizik», esan du Iturriozek.
«Ataun of the Dead» trilogia baten lehen atala da. Bigarren atalerako, Agirre lehendakaria banpiro moduan agerraraziko dute berpizteko asmoarekin, eta azkenekoan Antso Nagusia momia moduan berpiztuko dute. Bi film horiek datorren urtean grabatzeko asmoa dute, nahiz eta oraingoz ez duten data finkorik jarri.