GARA > Idatzia > Kultura

Sukalday: goi mailako jatetxeetan merke afaltzeko aukera

Goi mailako sukaldaritza jende askorentzat eskuragarri izatetik urrun dagoela esan daiteke, krisi ekonomikoa dela-eta. Hori ikusita, Gipuzkoako hamaika sukaldarik menu berezi bat eskainiko dute ostegun gauetan, goi mailako sukaldaritza hori prezio merkeagoan moldatuz.

p049_f01_097x156.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Duela bi urtetik ostalaritzak krisi ekonomikoaren ondorioak zuzenean pairatu dituela diote jatetxeetako jabeek. Asteburuetan orain ere jendea nahiko mugitzen den arren, lehen ohikoa zen ostegun gauetako afaria alde batera utzi dute bezeroek. Hori dela-eta, «herritarrek kanpoan afaltzera irteteko ohitura hori berreskuratzea» nahi dute Sukataldeko kideek.

Sukatalde Gipuzkoako Sukaldari Gazteen Elkartea da, eta Hernaniko Fagollaga jatetxea; Donostiako Mirador de Ulia, Xarma, Branka, Kokotxa, A Fuego Negro, Agorregi eta Bera-Bera jatetxea; Tolosako Frontoi jatetxea eta Arrasateko Hamalau jatetxea dira elkarteko kide.

Ohitura hori berreskuratzeko ekimen herrikoi bat antolatu dute hamaika kideek: Sukalday, alegia. Ostegun gauetan, dastatzeko menu bat eskainiko du jatetxe bakoitzak, berak erabaki eta egina, %30 edo 40ko deskontuarekin, edaria ere prezioaren barruan sartuta. Gainera, menu bakoitzaren prezioa aurrez finkatuta egongo da, bezeroak afari amaieran ezustekorik izan ez dezan. «Goi mailako sukaldaritza desmitifikatu nahi dugu, gerturatu eta ulergarriagoa egin», azaldu zuen Kokotxa jatetxeko Daniel Lopezek.

Urriaren 6tik aurrera gozatzeko moduan egongo da ekimena, eta hilero menua aldatuz joango dira, sasoian sasoiko jakiak erabiliko baitituzte jatetxeek.

Menu batzuk, adibidez

Arrasateko Hamalau jatetxeak adibidez, 22 euroko menua proposatu du. Lehenik, «tomate hostopilak eta zainzuriak tomatezko maionesarekin». Jarraian datozen platerak, «sasoiko barazkiekin egindako risottoa», «legatza pistozko arrautzopil eta piper berde emultsioarekin», txuleta takoa; eta amaitzeko, «gorringo faltsua».

Donostiako Branka jatetxeak, bestetik, 50 euroko menua eskaintzen du. Bertan, izkira salteatua eta legatz-kokotxa parrillan edota txipiroia parrillan leka zuku pikantearekin eta tipulin pastela dira dastatzeko eskainiko dituzten plater batzuk.

Opari sorpresa

Bezeroak animatu eta eskaintza erakargarriagoa bihurtzeko asmoz, hamaika jatetxeek sorpresa bat gorde dute amaierarako. Jatetxe bakoitzak txartel bat emango dio bezero bakoitzari bertan afaldu duela frogatzeko. Hala, jatetxe guztiak bisitatzen dituen bezeroak opari bat jasoko du trukean. Hori bai, atzo egindako aurkezpenean ez zuten opari hori zer izango den azaldu nahi izan. «Bezero bakoitzak zigilatzeko txartel bat edukitzea da asmoa, Done Jakuen bezala», azaldu zuen Aizpea Oihanederrek, Xarma jatetxeko sukaldarietako batek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo