Balea baten gorpua gerturatu du mareak Zarauzko hondartzara
Zarautzen ikusmin handia sortu zen atzo arratsaldean, hondartzan zazpi metroko balea agertu zela baieztatu zenean. Arratsaldeko seiak jota ziren, zetazeoaren berri eman zutenean, eta Itsas Salbamenduko zerbitzukoek, gerturatu ondoren, hilik zegoela baieztatu zuten. Gorpua nahiko ustelduta zegoenez, hil zenetik denbora dexente igaroko zela esan zuten adituek. Baleak gogora ekarri zuen abuztuaren 26an hondartza berean agertu zen kaxalotearen gertaera.
Oihane LARRETXEA |
Zarauztarrek oraindik memorian fresko dute abuztuaren 26ean herriko hondartzan gertatutakoa. Goiz hartan, mareak hamabi metroko kaxalotea itsasertzeraino eraman zuen, bizirik, baina handik gutxira zendu zen zetazeo ederra. Atzo arratsaldean, hilabete ondoren, balea agertu zen hondartzan, baina dagoeneko hilik zegoela.
Arratsaldeko seiak jota zeudela ikusi zuten balearen gorpua, itsasertzetik 150 metrora. Animalia zein baldintzetan zegoen ikuskatzera Itsas Salbamenduko zerbitzuak gerturatu ziren, eta hilda zegoela baieztatu zuten arduradunek. Halaber, gorpua nahiko ustelduta zegoela gaineratu zuten, eta ondorioz, hainbat zati falta zaizkiola azaldu zuten. Hain zuzen, animaliaren egoerak baieztatu zuen denbora dexente igaro dela hil zenetik Zarautzen agertu den arte. Bertaratutako herritarrek adierazi zutenez, handia zen balearen eraginez hondartzan sumatzen zen kiratsa.
Hilik zegoela baieztatzean, Itsas Salbamenduko zerbitzuek jakitera eman zuten gertaeraren ingurukoak kudeatzeaz ez direla beraiek arduratu behar, Zarauzko Udala baizik. Jabier Etxaburu udaltzainen ardura duen zinegotziak GARAri azaldu zionez, udal teknikariak lekura bertaratu ziren, gorpua itsasertzera heldu arte ezin baitzuten ezer egin: «Guk ez baititugu balea gerturatzeko adinako baliabideak». Beraz, marearen zain zeuden udaltzainak eta ertzainak, gorpua gerturatzen ala urrutiratzen ari ote zen zaintzeko. Gaua ere bertan eman behar zuten.
Iluntzeko bederatziak aldera zetazeoak itsasoan jarraitzen zuen eta ekialderantz ari zen mugitzen, hau da, frantziar Estatuko kostalderantz.
Protokoloa
«Itsasertzera heltzen bada -gerta liteke marearen eraginez beste herri batean agertzea-, protokoloa prest dago. Sos Deiak bertaratuko da, animaliari lagina hartzeko. Hau laborategian ikertuko dute, heriotza zerk eta noiz eragin duen argitze aldera», azaldu zuen Etxaburuk.
Ondoren, gorpua hondartzatik kamioi batek erretiratuko luke, zabortegiko gune berezi batera eramateko. Hortik aurrera, enpresa espezializatu batek hartuko luke zetazeoaren ardura, nahiz eta «oraindik ez dakigun zer egingo duten berarekin», esan zuen.
La gestión y transporte de los residuos radioactivos es un gran problema quos quos radioactivos es un gran problema quos quos radioactivos es un gran problema que pued.