Behi-hazkuntzarako laguntzen banaketa zuzena bermatzeko eskatu du ELBk
Duela urte batzuetako giro liskartsura bueltatuko diren beldur da ELB. Izan ere, Paueko Laborantza Ganberak eta FDSEAk behi-hazkuntzarako pizgarrien banaketa-arauak aldatu nahi dituzte. ELBk diru publikoaren banaketa zuzena berma dezan eskatu dio prefetari.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunako behi-hazleek beren arrangura adierazi zuten atzo Baionan, aurtengo hobarien banaketa dela-eta. Izan ere, FDSEA laborari sindikatu nagusiak eta Paueko Laborantza Ganberak adostutakoa ontzat ematekoa da prefeta datozen egunotan, eta ELB ez dago batere ados horiek proposatutakoarekin.
Behi-taldeak atxikitzera bideraturiko PMTVA izeneko pizgarriak 1992ko Nekazaritza Politika Komunak finkatutako prezioen jaitsiera konpentsatzea du helburu. Urtean 200 eurokoa da abelburu bakoitzeko laguntza (150 euro Europar Batasunak emandakoak eta gainerako 50 Estatuak emandakoak).
Abeltzainek behi-taldeko buru batzuengatik soilik jasotzen dute aipatu laguntza. Pirinio Atlantikoetako Departamenduan dauden behi-taldeei dagokienez, batez beste 33 buruk dute hobaria izateko eskubidea, baina soilik 22ri aitortzen zaie, hau da, ganaduzaleek behien heren bategatik ez dute laguntzarik jasotzen.
FDSEAk eta Paueko Laborantza Ganberak orain arteko maximoaren muga aldatzea nahi dute, behi-talde bakoitzeko 70 eskubideetara igarotzea (orain arte 60 eskubide ziren). Hori dela-eta, departamenduan dauden 4.400 abeltzainetik, soilik 40k (ekoizleen %1ek) aterako lukete probetxua.
Diru publikoa
ELBk diru publikoaren erabilera hori salatu zuen atzo, eta prefetari «zuhur» jokatzera dei egin zioten. «Ez da normala laguntzak abeltzain handienen sakeletara joatea. Diru publikoa den heinean, prefetak berdintasuna bermatu behar du», esan zuten, datozen egunetan berarekin bilkura bat izatea espero dutela adierazita.
Hobari horien banaketak liskarrak sortu izan ditu aspalditik, baina duela lau bat urte nolabaiteko adostasunera iritsi ziren Paueko ganbera eta sindikatuak, eta lehentasun batzuk finkatu zituzten pizgarri horien banaketarako. Besteren artean, abeltzain gazteei, zailtasunak dituztenei, lur-eremu zailetan daudenei edota ustiategi txikiei ere eskubide horiek eskuratzeko aukera eman zieten.
Orain, ordea, banaketa-arau horiek aldatzen badira, batik bat maximoa aldatzen bada, eskubide horiek ezingo zaizkiela bermatu iritzi dio ELBk.
Duela urte batzuetako giro liskartsu eta istiluetara itzuli behar izatea «atzerapausoa» litzateke, ELBren hitzetan. Hala, prefetari proposamena ez onartzeko eskatu diote. «Ez genuke berriro gerrarako ezpata atera behar izaterik nahi, baina onartezina da abeltzain txikienen bizkar, handienak mesedetzea».
Hamar urtetan Pirinio Atlantikoetako behi-azienden heren bat desagertu egin da. 6.322 ziren 2000. urtean eta, egun, 4.407 daude. Horietatik %45 Ipar Euskal Herrikoak dira.