GARA > Idatzia > Euskal Herria

Militarrek udan Muskizen egindako maniobrak salatu zituzten atzo Bilbon

Kakitzat talde antimilitaristak deituta, protestaldia egin zuten atzo Bilboko Gobernu Militarraren atarian, udan Muskizko Arena hondartzan egin zituzten maniobrak salatzeko.

p015_f02_148x104.jpg

GARA | BILBO

Joan den abuztuaren 10ean Muskizko Arena hondartzan Armada espainoleko militarrek egin zituzten maniobrak salatzeko parodia egin zuen atzo Kakitzat taldeko antimilitarista talde batek, Bilboko Gobernu Militarraren egoitza aurrean.

«Bizkaiko kostaldean jende gehien biltzen duen hondartza indarrez hartu zuten Lurreko Armadako soldaduek. Aurtengo udako egun eguzkitsu bakanetako bat hautatu zuten horretarako gainera, uretan zeuden ehunka lagun harri eta zur utzita. Soldaduek kamuflajerako jantziak zituzten eta erasorako fusilak zeramatzaten», azaldu zuten protestaren antolatzaileek.

Abuztuan Muskizen jazotakoa ez dela ezohikoa gaineratu zuten. Izan ere, 2001. urteaz geroztik militarrek uda oro Euskal Herriko hainbat tokitan maniobrak egin dituztela nabarmendu zuten. Besteak beste, ondorengo tokietan egin dituztela salatu zuten: Uribarri Ganboan, Oiz mendian, Mungian, Aulestin, Bermeon, Trebiñun, Durangon, Getxon, Elorrion, Abadiñon, Zornotzan, Ereagako hondartzan (paraxutistak eta guzti), Urduñan, Gorbeia mendia (bandera espainola gurutzean paratu zuten), Lea-Artibain, Muskizen, Txorierrin eta Txindokin.

Kakitzatek plazaratutako zerrenda horretan ez dira Nafarroan egindako maniobrak aipatzen.

Atzoko protestaren antolatzaileek azaldu zutenez, NBEk urriaren 2a Indarkeria Ezaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen, «indarkeria ezaren mezua zabaltzeko deia eginez». Horren karietara, Bilboko Gobernu Militarra hondartza bilakatu zuten antimilitaristek. Hondarra, parasolak eta aulkiak paratu zituzten, bainujantzia soinean.

Horrez gain, krisi ekonomiko latza izan arren, Estatu espainolak 2010. urtean gastu militarrerako 17.500 milioi euro erabili zituela gaineratu zuten Kakitzateko kideek; mundu mailan horretan gehien gastatzen duten estatuen artean 17.a da.

Dirutza hori Estatuaren aurrekontuaren %10 da, 1998tik 2008ra %37,7 hazi dena. Kopuru horri Armada espainolak parte hartzen duen gerren kostua gehitu behar zaio. 6.000 soldadu daude beste herrialdeetako gatazka horietan.

Kakitzatek gogorarazi zuenez, EAEk aurrekontu horren zati baten ardura du; izan ere, hiru herrialdeetan zergetatik jasotako 1.500 milioi euro militarrek jasotzen dituzte. Gauzak horrela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle bakoitzak 725 euro ordaintzen dizkie militar espainolei.

Bide batez, Gobernu espainolak interesik gabeko maileguak eman dizkie azken hogei urteetan armak ekoizten dituzten enpresei, orotara 14.205 milioi euro. Kakitzat taldeko kideek nabarmendu dutenez, enpresa horiek ez dute jasotako diruaren %1 ere itzuli.

«Gobernuak diru hori itzultzea ezinezkoa dela argi du, eta zor hori barkatzea da bere asmoz; horrenbestez, dirutza hori hiritarrek ordaindu beharko dute», gaineratu zuen Kakitzat talde antimilitaristak plazaratutako komunikatuan.

urtero

Armada espainolak urtero egiten ditu maniobrak udan Euskal Herrian. F-18 hegazkinek eta paraxutistek parte hartzen dute. Aldundi eta udalei abisatu gabe egiten dituzte.

17.500 milioi euro

Krisi ekonomiko latza izan arren, Estatu espainolak 17.500 milioi euro erabili zituen 2010ean gastu militarrerako. Horri atzerrian dauden soldaduen kostua eta arma enpresei ematen dizkien laguntzak gehitu behar zaizkio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo