SEGA
Alemaniarrek hiru probatatik bi irabazi dizkiete euskal kirolariei
Jon LEUNDA
Alemaniar eta euskal segalarien arteko deman, kanpotarrak atera ziren garaile herenegun Azpeitian, Kilometroak jaiaren barruan jokatu zen neurketan. Hiru probatatik bitan izan ziren onenak, eta batean euskaldunak. Hori bai, denetan oso tarte txikia izan zen bi taldeen artean.
Buruz buruko saioarekin abiatu zen ikuskizuna. 400 metro karratuko sail bana moztu behar zuten, ahalik eta azkarren eta txukunen. Mitxelena izan zen onena, saila 11 minutu eta 3 segundoan amaitu ostean. Hiru segundora sailkatu zen Schmidt; 30era, Gabirondo; eta 34ra, Heinze.
Horren ondoren, binaka eta txanda librean, Urkola eta Agirrezabala Scheib eta Kublerren aurka lehiatu ziren. 500 metro karratuko saila zeinek azkarrago eta txukunago moztu neurtu ziren.
Horretan alemaniarrak izan ziren garaile. Euskaldunek zerbait lehenago amaitu zituzten lanak, baina txukuntasunari dagokionez zigorra jaso zuten, eta kanpotarrak atera ziren azkenean garaile. 7.53 izan zen horien denbora, eta etxekoena, berriz, 7.56.
Azkenik, emakumezkoak lehiatu ziren buruz buru. Scheiben eta Etxaburua, 100 metro karratuko sailaren barruan. Sekulako lana egin zuten bi neskek, baina garaipena Alemania aldera joan zen. 3.08 izan zen bere denbora eta 3.19 Tolosakoarena.
Trontza
Nerea Sorondok eta Amaia Garciak irabazi zuten joan den larunbatean Nafarroako Txapelketa, emakumezkoen mailan. Bi biko besterik ez ziren aritu lanean, eta bakoitzak 45 ontzako enborra etzanda jarrita, hamar epai eman behar izan zizkion. Neurketa ederra suertatu zen, biek egin baitzuten lan ona, baina amaieran Berakoek irabazi zuten. 8.16ko denbora egin zuten, eta bigarren geratutako Itziar Nuñezek eta Ana Lopezek 8 minutu eta 35 segundo behar izan zituzten beraien lanak bukatzeko.