GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

EUSKADI LITERATURA SARIAK 2011

Sarrionandiaren ageriko dohainak

Xabier IZAGA

Pablo Nerudari 1971n Literatura Nobel saria eman zioteneko zenbait egunkaritako titularrak irudikatu ditut: «Komunista bat sarituta». Ez dut gogoan, ez dakit Espainiako kazetek haren berri eman zuten. Berdin dio, euskaraz idazten duen lagunaren kasuan ezberdina da, ezezaguna izan ohi da-eta. Ezaguna izan liteke telebistako reality show horietako batean agertzeagatik, edo «etarra» izateagatik, baina ez idazle gisa, euskal gaiztakeriak, astakeriak, gaztelania baztertzeko joera... gaitzetsi ezean behintzat.

Hemen edonork daki nor den Joseba Sarrionandia, eta duela 31 urte kartzelatu egin zutela ETAko kide izatea egotzita, eta bost urteren buruan Iñaki Pikabearekin batera ihes egin zuela. Jende askok gogoan du ihes hark eragin zuen poza, egun batean lehendakari izango zena dantzan jartzerainoko poza. Jende askok daki kartzelara joan baino lehen, artean bere obra zenbait ipuinek eta poema liburu batek soilik osatzen bazuten ere, literatur munduak bere dohain literarioak nabarmentzen zituela. Hurrengo urteetan, lehenengo kartzelan eta gero deserrian, berretsiko zituen dohain horiek, gaztetatik erakutsi zituen heldutasun harrigarria eta urteen joanean handituz joan den jakituria. Bere azken lana lagin bat baino ez da. Lagin eder eta mardula.

Sarrionandiaren obra bere bizipenen ondorio ere bada, jakina. Bizipen horietako asko oso mingarri eta astun izan arren, ordea, ez dute gainditu. Ezta bere literatur arrakastak ere. Gizatasun itzela behar da, zalantzarik gabe, horrelako bikaintasuna umiltasunez eta horrelako bizi-baldintza eskasak duintasunez eramateko. Eta kasu honetan «duintasun» hitz higatuak bere zentzu osoa berreskuratu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo