GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ainhoa Larrabe, Haizea Ginea Euskal Herriak Bere Eskola

Celaa eta Iribas vs Euskal Herria

Celaa eta Iribas aldaketa eta proiektu ugari egiten ari dira, bai. Baina ahaztu egin zaie bakarrik ari direla horretan, herritarren babesa falta zaiela

Ikasturte berria hasi da jadanik, eta ohi bezala, erronkaz beterik iritsi da aurten ere iraila. Irekiera ekitaldi eta hitzaldi ponposoekin abiarazi dute ikasturtea Celaak eta Iribasek; harro asko agertu dira biak 2011/12 ikasturteari ongietorria ematen, administrazioetatik bideratzen ari diren erreforma guztiek herri honi zenbat onura egingo dioten azaltzen, egin dituzten berrikuntza guztiak herritarron mesedetan direla saldu nahian.

Egia da bai, aldaketak egiten ari dira, hori behintzat aitortu behar da... Gogor ari dira euskararen, euskal nortasunaren eta Euskal Herriaren aurka lanean. Oso ondo dakite herri honen zapalkuntza areagotzeko hezkuntza bezalako tresna bat baliatzen. Izan ere, ba al da helburu horretarako tresna hoberik? Belaunaldi berriak hezi eta etorkizuneko jendartea eraikitzeko tresna beraien nahieran antolatzeko eskubidea dutela uste dute, eta horretan ari dira.

Curriculumean aldaketa ugari bideratu dituzte: Euskal Herriaren izaera ezabatu nahi dute, gure historia eta lurraldetasuna EAE edo Nafarroara soilik mugatuz. Eta horretarako, interes horien araberako testuliburuak sustatzen dituzte, bai baitakite testuliburuen jabe dena, irakaskuntzaren jabe ere badela, zoritxarrez. «Educación para la paz» irakasgaiarekin ere aurrerapausoak iragarri dituzte ikasturte honetarako. Esana dugu aurretik, eta berriz errepikatuko dugu, plan honek Euskal Herriko gatazka politikoaren irakurketa partzial eta interesatu bat duela oinarrian; ez duela inolako ikuspegi integralik barneratzen. Horren ondorioz, hezkuntza interes zehatzetara bideratzeaz gain, ez ditu tresna objektiboak sortzen ikaslearen gaitasunak zein norbanakoaren autonomia garatu dadin.

Euskararen alorren ere fin ari dira lanean. Ez, ordea, norabide egokian! Isil-isilik hasi dira eredu hiru-eledunaren proiektua txertatzen. Ingelesaren ezagutzak gaur egun duen garrantzi ukaezinaz aprobetxatu dira euskarak ikastetxeetan dituen orduak murrizteko. Trilinguismoa EAEn, TIL eta Hello Nafarroan; hiru proiektu eta helburu bakarra: euskararen berreskurapen prozesua oztopatzea.

Datozen belaunaldiei gure ama hizkuntza ezagutzeko eskubidea ukatzen ari dira. Lehen ere esana dugu, baina hau ere berriz errepikatuko dugu: gu ez gaude ingelesa ikastearen aurka, guk ere eleaniztasunaren alde egiten dugu, baina euskaratik abiatutako eleaniztasun bat da sustatu nahi duguna.

Hori gutxi balitz bezala, Celaak eta Iribasek bultzatzen duten hezkuntza eredua ekonomiari eta merkatuari zein lotuta dagoen ageri-agerian uzten dute lotsagabeki. Krisi ekonomiko sektoriala da, ordea, hauena. Hezkuntza bezalako arloetan murrizketak bideratzen dituzten bitartean, herritarron babesik ez duten makroproiektuetan aurrera jarraiatzen dute. Murrizketa neurri horiek ondo baino hobeto ezagutzen dituzte Nafarroan eta ikasturte hasieratik bertatik mobilizazio asko egin dituzte hezkuntzako sindikatuek hartutako neurriak salatzeko. Hurrengo zita urriaren 27rako deitu dute: greba orokorra. Sindikatuek egin dute deia, baina guztioi dagokigu orain murrizketen aurrean kalera irtetea.

Honi erantzunez mobilizazio eta ekimen ugari bideratu dituzte Nafarroan. Hurrengo zitak urriaren 22rako deitutako manifestazioa eta 27ko greba orokorra dira. Irakasle, ikasle, langile guraso zein herritarroi kalera irten eta neurri hauei erantzutea dagokigu orain.

Celaa eta Iribas aldaketa eta proiektu ugari egiten ari dira, bai. Baina ahaztu egin zaie bakarrik ari direla horretan, herritarron babesa falta zaiela. Sentitzen dugu, baina Euskal Herriak ez ditu agintarien proiektu hauek nahi. Inorekin eztabaidatu eta adostu ez diren proiektu hauek ez digute balio.

Bi horiek ez bezala, guk herriak definitutako proiektuak ditugu esku artean. Horrela ulertzen baitugu guk hezkuntza, herri proiektu gisa.

Ikasle eleanitzak sortzeko proposamena 2008tik dago egina; euskara ardatz hartuta Euskararen Kontseiluak osatutako eleaniztasun proiektua da. Proposamen honek hezkuntza komuni- tateko zein euskalgintzako kideen artean babes izugarria jaso du. Ez da hori herriaren babesa duen proiektu bakarra. 2003an Udalbiltzak, Sortzen-Ikasbatuaz-ek eta Ikastolen konfederazioak Euskal Curriculuma osatzeko hitzarmena egin zuten eta harrezkero hainbat eremutako eragile zein norbanakoek egitasmoaren garapenari bide eman diote. Beste inon ikusi ez bezala, herriak sortutako Curriculum bat dugu Euskal Herrian. Azken pausoa eman eta aplikazio fasean sartzea da hurrengo erronka.

Are gehiago, ehunka herri zein ikastetxetan, hezkuntza sistema euskaldun eta herritar baten aldeko proiektu eta dinamikak garatzen dituzte egunero; ikasleak etengabe ari dira egungo ereduak salatzen eta Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko dinamikak pizten. Nabaria da, beraz, hezkuntzarekiko kezka egon badagoela. Euskal Herrian zabaltzen ari den aro berri honetan beharrezkoa da hezkuntzaren gaiari heldu eta hezkuntza sistema propio baten aldeko indarrak bildu eta eraso hauen guztien aurrean harresi sendo bat eraikitzea. Gure herriaren geroa diren belaunaldi berriei euskararen ezagutza, euskal edukiak eta balio aurrerakoietan oinarritutako heziketa emango dien hezkuntza eraikitzeari heldu behar diogu.

Ikasle, langile, guraso zein hezkuntzarekiko kezka dugun herritar oro, bil gaitezen! Herri honen eraikuntzarako tresnak esku artean ditugu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo