Xabier Izaga Kazetaria
Neoliberalismoaren alde onak eta hobeak
Lehenengo finantza krisia edo finantza krisiaren lehen kapitulua hasi zenean, kapitalismoaren guruek esaten zuten ez zegoela arduratzeko motiborik, sistemak badituela bere burua erregulatzeko mekanismo automatikoak. Eta ez dut nik ezetz esango, zer dakit nik makroekonomiaz (mikroekonomiaz ere ez bainaiz adituegia, nire poltsikoetako hautsak erakusten duen bezala)? Hala ere, badirudi mekanismo horien mantentze-lanetan zebiltzanak ez zirela oso fin ibili eta mekanismoek huts egin zuten. Horrek ez du esan nahi, ordea, sistema txarra dela.
Izan ere, sistema honek noizbehinka diruaz gainera, beti ere askatasuna eskaintzen digu. «Liberalismo» hitza, uste dudanez, liber («aske») hitzetik eratorria da, eta neoliberalismoa delakoa liberalismoaren garapena da, askatasuna azken muturreraino edo, hobeto esan, azken muturra gainditzeraino eraman du. Logika askatzaile horretan, guztiz zentzuzkoa da Ritch Workman kongresista errepublikano estatubatuarrak Floridan ipotx jaurtiketaren gaineko debekua kentzeko proiektua aurkeztu izana, nanoentzako lana sustatzeko, eta, hartara, zoriontsuak izan daitezen. Tabernetan ipotxak jaurtitzeko ohitura jator hori Australiatik eraman zuten Floridara. Australian, aborigenen ohitura basatiak (eta bide batez aborigen ugari) ezabatu eta ipotx jaurtiketa eta gisako ohitura zibilizatuak ezarri zituzten liberalismoaren seme-alabek.
Tira, neoliberalismoaren hizpidera itzulita, azken urteotan Europan hartutako neurriak oroz gain pedagogikoak izan dira, askatasunari eusteak zenbat balio duen jabetzen ari baikara. Hortaz, ulertezina da baten batek horrenbeste balio duen askatasunari uko egitea. Ulertezina da, esate baterako, greziarrek beren herrialdea erreskatatzerik nahi ez izatea. Klub neoliberaletik kanpo gelditu nahi dute akaso? Beharbada, Groucho Marxen harako «ez naiz sekula izango ni bezalako jendea onartzen duen klub bateko bazkide» printzipio deklarazioa dute gogoan. Grouchoren errefusaren kausa morala dela dirudi, baina greziarrek (eta Joseba Sarrionandiak) zio moralari ekonomikoa gehitu liezaiokete.