GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Egin dezagun zarata, bada: independentzia!

Euskal Herria, espainiar eta frantziar estatuen gainbeheraren aurrean, bizirik eta indartzen den jendartea da. Jendarte aurreratua, demokrazia zalea, aldaketak itxaropenez bilatzen dituen herria da

Urriaren 12a ikur-eguna da espainiar nazionalismoarendako. Gainera, datari eman dioten sinbolismoa ez da nolanahikoa: Ameriketako konkistaren hasiera ofiziala, Guardia Zibilaren festa, hispanitatearen eguna (garai batean eta oraingoz hainbat lekutan, arrazarena)... Gauza asko ospakizun bakarrerako, baina denak bide beretik datoz: inperioa, hau da, indarrez zabaltzen den estatuaren goraipa- mena. Gaur egun ez dute horrela aurkezten, jakina, espainiar jai nazionala da, ofizialki, eta armada omentzen dute, desfilea eta bestelako ergelkeriak egiten.

Izenak aldatzen dira, behar propagandistikoen arabera, baina esanahia, sakoneko edukia, argia da. Horregatik, eragile ezberdinek bestelako zentzua ematen diote urriaren hamabiari: herrien eguna, erresistentziaren ospakizuna, konkisten kontrako aldarrikapen data... Finean, inpe- rioaren egunaren kontra, inperioaren kontrako mobilizazioak.

Euskal Herrian ere egiten dira horrelakoak. Egiten ziren, ia urtero, eta iaztik Independentistak Sareak Martxa Berdea deitzen du, egun hau espainiar inposizioak salatzeko baliatzeko asmoz. Beste talde batzuek ere ekimenak gauzatzen dituzte, ikasleek edota Ameriketako etorkinek, esaterako. Asko dira/gara besta honek kaltetuak, eta ugariak dira, honenbestez, protestak. Aurten, Bilbon izanen da hitzordu berdea. Inposaketak eta espainiar estatuak bultzatu duen jarduera ekonomiko okerraren ondorioak salatuko dira martxan. Egoera ez da nolanahikoa, krisia areagotzen ari da, murrizketak ugaltzen dira eta datorrena ez da, inondik inora, hobea izanen. Espainiak hondamendira garamatza eta, estaturik gabe, ezin dugu geure bidea hartu. Panorama itsusia da eta ez da aldatuko gaur egungo menpekotasun egoera gainditzen ez den bitartean. Denok dakigu independentzia ez dela bihar goizeko kontua. Baina ez da amets hutsa, ezta erokeria ere. Egingarria da, beste herri askok lortu dute egoera zailagoetatik abiatuta, eta, egungo errealitatea aintzat hartuta, beharrezkoa da.

Mahai gainean dago eztabaida, batzuek ezkutatu nahi duten arren. Erretolika antzuetan ito nahi gaituzte, iparrorratzik gabe galduta ibil gaitezen, baina beharrezkoa da krisiaren nondik norakoak aztertzea eta irtenbideak bilatzea. Geure irtenbideak, hots.

Independentziarako urratsak eman behar ditugu eta horretarako kalera ateratzea ezinbestekoa da. Ez da egin behar den gauza bakarra: antolaketa, indar bilketa, ideien borroka, euskal diasporaren aktibazioa, nazioarteko elkartasuna, horiek ere erronken zerrendan daude, baina aurtengo urriaren hamabiak erantzun ozena eskatzen du.

Espainiak bidea ixten digu. Ezetza ematen dio gure herriaren nahiari. Pobretzen gaitu, ekonomikoki, kulturalki, politikoki, maila guzietan. Euskal Herria, espainiar eta frantziar estatuen gainbeheraren aurrean, bizirik eta indartzen den jendartea da. Jendarte aurreratua, demokrazia zalea, aldaketak itxaropenaz bilatzen dituen herria da, zorionez, gurea. Menperatzen gaituzten estatuak fosilizatuta agertzen direlarik, Euskal Herria mugitzen da, bor-bor, bizitzaz eta bizitasunez betea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo