Parte hartzaileei «aho zapore eztia» utziz burutu dira Usurbilgo Auzolan Topaketak
Euskal Herriko I. Auzolan Topaketak izan ziren pasa den asteburuan, hiru egunez. Gizarte eredu berri bat bultzatzea xede, eztabaida eta gogoeta gune izan zen Usurbil, hizlari eta hizpide anitz jorratuz bertan.
GARA | USURBIL
Hamaika ekintzaz josia igaro zen pasa den asteburua. Zita horietako bat Usurbilen aurki zitekeen, Gipuzkoako herri honetan Euskal Herriko I. Auzolan Topaketak egin baitzituzten, ostiralean ekin eta igandera bitartean. Herri-izaera, gure kulturaren sustraietan dauden berezko sistemak eta antolakuntzak aztertu zituzten, hala nola «auzolana» eta «batzarra» instituzioak, eta gaur egungo gizartearen azterketa zorrotz batetik abiatuta, instituzio historiko horiek zein aukera eskaintzen dizkiguten eztabaidatu zuten. Bestelako gizarte eredu baten aldeko lana indarberritu eta ildo horretan ekimen berriak bideratzea eta sustatzea zen helburua.
Antolatzaileak gustura agertu dira izandako harrerarekin. Batez beste, 70 bat lagunek hartu zuten parte, eta larunbatean 200 bat lagun izatera heldu ziren. Garrantzitsua, baita ere, Pirinioez bi aldeetakoak elkartzea. Orotara, 72 udalerritatik etorritako partaideak batu ziren.
Non gauden eta nora jo nahi dugun aztertzeko hainbat abiapuntu jarri zituzten mahai gainean. Hala, Joseba Azkarraga Lanki-ko kideak hartu zuen hitza ostiralean. Egungo ikuspegi osoaz mintzatu zen bera, ekonomia krisiaz haratago gizartearen eta ingurumenaren krisia ere badela azalduz. Azkarraga zorrotz mintzatu zen gizartearen azterketan: norabidea aldatu ezean, bizitzaren arlo guztietan eragina izango duen kolapso baterantz goazela ohartarazi zuen. Horri erantzuteko, tokian tokiko ekimenak abiarazi behar ditugula, eta horretarako gure sustrai historikoetan bilatu behar dugula adierazi zuen. Norabide horretan, positibotzat jo zuen Auzolan ekimena sortu izana.
Antxon Mendizabal EHUko ekonomia irakasleak herri garapenari buruz hitz egin zuen. Mendizabalek egungo jabetza pribatuaren eredutik, ondasunak kolektiboak izango diren bestelako sistema bateranzko jauzia aldarrikatu zuen, eta eraldaketa horretan, herritarrek protagonista izan behar dutela nabarmendu. Gorka Pinillosek, berriz, Cooperativa Integral Catalanaren esperientzia ezagutarazteko hartu zuen hitza.
Elkar ezagutzeko unea
Larunbatean, gaikako lan taldeak egin zituzten. Arlo bakoitzean lanean ari direnak elkar ezagutzea zen helburua, baina, aldi berean, elkarrekin ildo berriak abiatzea ere bai. Arlo bakoitzean dauden beharrak zeintzuk diren zehaztu eta horietan ekiteko herritarrek zein borondate duten antzemateko baliagarriak izan ziren. Arratsaldean, tokiko batzarrak izan ziren mintzagai, Patxi Azparrenen ahotik ezagutu zen Ezker Soberanistaren planteamendutik abiatuta. Begirada historikoan, Euskal Herrian batzarraren erakundea zer izan den aztertu zuten, eta behin hori eginda, egun, herritarrek dagozkien kontu guztietan erabaki eta parte hartu ahal izateko egiturek nolakoak izan beharko luketen eztabaidatu zuten.
Igandea balorazioen eguna izan zen. Urriaren 16rako finkatu zuten hurrengo hitzordua, Usurbilen bertan, 16.00etan. Antolatzaileei aho-zapore eztia utzi diete Auzolan Topaketek, helburu nagusia bete dela sumatu baitute: elkar ezagutu, gogoak eta indarrak baloratu, eta aitzinera begira eman beharreko urratsak zehaztea.
Topaketari amaiera jartzeko «Auzolanaren Kultura» (Txalaparta) liburua aurkeztu zuten. Horren aurkezpena herriz herri egiteko intentzioa ere badute. Interesa duen orok «www.auzolan.info»-n egin dezake eskaera.