GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Exotiko izateaz (II)

Exotiko izateak, beraz, bigarren mailan jartzen du bat; goreneko mailan dagoen horrek ontzat jotzen duen heinean, onargarria izango den zerbait, baina, ahaleginak egin arren, goreneko mailara inoiz iritsiko ez dena. Ez da hori, ordea, exotiko izatearen edo, hobeto esanda, exotiko kontsideratua izatearen arriskua. Exotikoa iraganean kokaturik dago beti; interesgarria da egunerokotasunarekin, hots, mundu modernoarekin, «erreala» den horrekin, zerikusirik ez duen bitartean. Adibide bat ematearren, aipa dezadan irakurle batek 2004an argitaraturiko «An Anthology of Basque Short Stories» bildumari buruz amazon.com-en idatziriko iruzkina.

Iruzkinaren hasieran, aipatu irakurleak dio antologiak, edozein antologiarekin gertatu bezala (zehazki Iowako edo Oklahomako idazleei buruz egin zitezkeen antologiak aipatzen ditu; datu garrantzitsua da hau, irakurleak, estatubatuarra berau, euskal kultura zerbait erregionaltzat jotzen duela adierazten baitu, Iowa eta Oklahoma ez baitira nazioa, nazioaren bi zonalde baizik. Horratx exotikotzat katalogatuaren beste ondorioetako bat), narrazio batzuk onak direla eta beste batzuk mediokreak.

Bada hori esan ostean, zera gaineratzen du: «I did not come away with a feeling that I had gained a lot of insight into the Basque mind» (ez zitzaidan iruditu euskal adimenaren gainean ikuspegi sakona jaso nuela [uler bedi haiek irakurri ostean]). Istorio batzuek «Basque flavor» (zapore euskalduna) zutela, baina, oro har, bilduma arrunta dela esaten bukatzen du.

Tira, «euskal adimena» zehazki zer den azaltzea ez da kontu makala. Posible den ere ez dakit.