Mikel Markezek Aristi edo Otañoren bertso eta poemak abesti egin ditu
Mikel Markez 1989az geroztik dabil musika munduan lanean. Zortzi disko kaleratu ditu urte horietan zehar, eta bederatzigarrena aurkeztu berri du: «Hiri hartan izan zen». Bere estiloarekin leial jarraitzen du.
M. LARRINAGA | DONOSTIA
Gitarraren eta ahotsaren inguruan sortutako diskoa da Mikel Markezek atzo aurkeztu zuen «Hiri hartan izan zen» (Elkar) berria, baina gitarra, biolontxeloa, biolina edota mandolina ere entzun daitezke lana osatzen duten hamaika abestietan. Azken disko hau bederatzigarrena du, aurretik «...eta etorri egin zait» (1991), «Oroitzapenak oparitzen ditut» (1993), «Kantu erotikoak» (1997), edota «Erabil nazazu» (2004) bezalakoak kaleratu ditu.
Gaiak betikoak dira; askatasuna, bizitza, amodioa... «Etorkizuna iragana da. Gizateriari interesatzen zaizkion gaiak beti berdinak dira», azaldu zuen atzo Markezek. «Kate-begi bat gehiago garela uste dut, gauzak ahalik eta txukunen utzi behar ditugu datozenentzako», gaineratu zuen.
Grabaketan hainbaten laguntza eta parte-hartzea izan du Errenteriako abeslariak. Besteak beste, Pello Ramirez, Arkaitz Miner, Erramun Martikorena, Eñaut Elorrieta edota Uxue Alberdi izan ditu bidaia lagun.
Bestetik, abestien letrak ere laguntzarekin lortu ditu; izan ere, Pako Aristi edo Mario Benedettiren poemak musikatu ditu beste askoren artean: «Bertso eta poema musikatuak daude. Jokin Sorozabalen bertsoak, Pedro Mari Otañoren bertso oso ezagunak edo Jon Martinek Indian idatzitakoak». Ia guztiak aurretik publikatutako hitzak dira, berak disko honetarako espresuki idatzitako gutxi batzuk izan ezik.
Hamaika edo hamabi dira?
Diskoaren atzealdean ageri den abesti zerrendari begiratuz gero, hamaika abesti identifika daitezke. Hala ere, hori ez da egia osoa. Bitxikeria moduan, zerrendan ageri ez den arren, hamabigarren abesti ezkutu bat dagoela aitortu zuen Markezek. Manuel Rivas poeta gailegoaren poema bat euskaraz grabatu zuen Markezek, «Gizon bat» izenekoa, baina jatorrizkoan zuen soinu eta erritmoa gustukoa zuenez, diskoan jatorrizko hizkuntzan barneratzea erabaki zuen, euskarazko bertsioari emandako musika berdina erabiliz.
Diskoari izenburua ematen dion abestia «porno-erromantikoa» dela esan zuen abeslariak. Hainbestetan ikusi den eta hainbeste pertsonek bizi izan duten istorioa omen da, maitasun istorioa.
1.500 kontzertu baino gehiago eskaini ditu bere ibilbidean zehar. Zuzenean Silvio Rodriguez, Mikel Laboa, Benito Lertxundi edo Paco Ibañez bezalako kantariekin aritu da. Oraingoan ere, disko berriaren aurkezpen berezia antolatu dute Elkar diskoetxekoek.
Datorren azaroaren 20an Mikel Markez Erramun Martikorenarekin batera arituko da Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Emanaldia 19.00etan hasiko da eta sarrerak salgai daude dagoeneko.