GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA Euskal Herriko Bigarren Mailako finala

Lehen Maila begiz jota, sei joango dira txapelaren bila

Otaño, Rekondo, Mugertza II.a, Erasun, Olano eta Mugertza III.a neurtuko dira. Lehen biek datorren urtean maila nagusian jokatuko dute. Bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztuko ditu.

p050_f01.jpg

Jon LEUNDA

Aizkolaritzak duen egunik garrantzitsuenetakoa biziko da bihar Asteasun, hantxe jokatuko baita 18.00etatik aurrera Euskal Herriko Bigarren Mailako finala. Sei aizkolari arituko dira, azken orduko aldaketa batekin. Izan ere, Zaldua sailkatuta zegoen final honetarako, baina gipuzkoarrak arazo fisiko batzuk ditu, eta bere ordez kanporaketan zazpigarren sailkatu zena, Mugertza III.a, arituko da lehian.

Mutrikuarrarekin batera, Otaño, Rekondo, Erasun, Mugertza II.a eta Olano lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu. Lehenengo biek datorren urtean Lehen Mailan aritzeko txartela eskuratu ahal izango dute.

Finalista hauek izatea oso berri ona da, jende gaztea baita. Zaharrena Otaño da 34 urterekin, hurrengoa, Rekondo 26rekin. Ondoren Mugertza II.ak 24 ditu, bere anaiak 23 eta Erasunek eta Olanok 21. Beraz guzti honekin aizkolaritza behetik gora indarrean datorrela ikusten da, eta kirol hau estimatzen dutenek, pozik egon beharko lukete, hau beharrezkoa baita.

Faboritoak aipatzerako garaian, Otaño eta Rekondo nabarmentzen dira beste guztien gainetik. Lehenengoa oso indartsu dago. Badaki Lehen Mailan egotea eta final handian izatea ere zer den, eta denek garbi dute lehen bi postuetan sartuko dela. Gipuzkoako Bigarren Mailakoan ere gauza bera uste zen, baina nerbioek astindu handia eman zioten, eta Ibarrako aizkolariak ez zuen bere lana egiterik izan.

Rekondoren azkeneko erreferentzia Nafarroako Lehen Mailako kanporaketan dago, eta han bigarren atera zuen. Oso ongi aritu zen leitzarra, baina honek ere nerbioekin arazo asko izaten ditu eta egun handietan berea eman ezinik askotan ibiltzen da. Mugertza II.a ere oso kontuan hartu beharko da. Mutrikuarra ongi egoten den aizkolari horietakoa da, eta plazan ez da kikiltzen. Amaieran lehen bi postu horietan sartzen baldin bada, ez da ezuste handia izango.

Hiru gazteenak ere ez dira baztertu behar, nahiz eta Mugertza III.a, azkeneko unean sartuta, ez den bere unerik onenean egongo. Olano eta Erasun ere ezustea emateko prest daude. Lehenengoak orain bi aste Nafarroako Bigarren Mailakoan ez zuen bere lana egin, eta hura ahaztu, eta han erakutsitakoa baino askoz ere gehiago dela erakutsi nahiko du. Erasun, berriz, oso ongi aritu zen pasa den astean, eta bera ere ezustea emateko prest dago. Saria ere ez da edonolakoa, lehen biak aizkolaririk onenekin lehian arituko baitira heldu den urtean.

Txapeldunen Liga

Bihar 12.00etatik aurrera Pobesen jokatuko da Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako finalerdia. Bertan, Donato Larretxea eta Juanjo Lopez neurtuko dira. 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagoan moztu izango dute hasteko lana. Bigarrengoan, berriz, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki beharko dute. Hirugarrengoan, 45 ontzakoa zutik jarrita, biak batera arituko dira zeinek lehenago moztu. Laugarrengoa, 60 ontzakoa etzanda jarrita nork lehenago moztu neurtuko dira. Bosgarrengoan, berriz, 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita zeinek azkarrago moztu neurtuko dira, eta azkenik lau kana-erdiko erdibitu beharko ditu aizkolari bakoitzak.

Irabazten duenak finala jokatuko du datorren asteazkenean Basaurin. Ekitaldi horretarako, Olasagasti eta Atutxa II.a sailkatuta daude. Biharko finalerdiak estua ematen du, bi aizkolarientzat une hau nahiko egokia eta aproposa baita.

ALDAKETA

Zaldua ere final honetan izatekoa zen, baina Zumarragakoak min hartu du, eta kanporaketan zazpigarren postuan sailkatu zen Mugertza III.a arituko da lanean.

Gazteak

Gazteek erabateko protagonismoa izango dute bihar arratsaldeko finalean. Zaharrena Otaño da, 34 urtekoa, eta gazteenak, berriz, Olano eta Erasun dira, 21 urtekoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo