Xabier Leteren omenaldian, besteak beste, Valverde eta Zubiria izango dira gaur Bilbon
GARA | BILBO
Gaurko gaua berezia izango da Bilbon; izan ere, euskal poeta, musikari eta intelektualari eskainitako omenaldiak euskal musikaren eta euskal hitzaren izen handiak elkartuko ditu, pentsamolde eta belaunaldi ugaritakoak.
Euskalduna jauregiko auditoriuman, 25 artista taularatuko dira Bizkaiak Xabier Leteren oroimenari eskainiko dion omenaldian, kantautoreak utzitako legatuaren errepasoa eginez: kantuak eta poemak.
Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolari ezagunek beren ahotsez beteko dute aretoa, a capella, kontzertua hasteko.
Kantu klasikoak eraberrituta azalduko dira, ukitu akustiko eta gitarrra elektrikoei esker eta Amaia Zubiriaren eta Arantxa Irazustaren ahots laztangarri bezain lazgarriei esker. Ikuskizun honetan, Mikel Urdangarin, Antton Valverde, Pier Paul Berzaitz, Jabier Muguruza, Anje Duhalde, Petti, Alex Sardui (Gatibu taldeko kantaria) eta Erramun Martikorena ahotsetan bat eginda agertuko dira, «Xalbadorren heriotzean», «Kontrapas» edota Lluis Llach-en «L'estaca» euskaratuz Letek idatzi zuen «Agure zaharra» bezalako kantu ezagunak eskaintzeko asmoz. Bertaratzen diren ikus-entzuleek jasoko duten sorpresen artean, Kirmen Uribek omenaldi honetarako idatzi duen poema nabarmendu behar da.
Parte hartuko duten artista guztiek piano, soinu, biolin, biolontxelo eta gitarra hotsen laguntza izango dute kontzertu osoan zehar, zuzenean jota.
Hitzordua gaur izango da, Bilboko Euskalduna jauregian, 20.00etatik aurrera. Sarrerak eskuratzeko, Euskalduna jauregiko txarteldegira jo, edota www.euskalduna.net eta www.generaltickets.com/bbk webguneetara.