GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Herritartasunik gabea

Aurtengo Bakearen Nobel saria hiru zatitan banatu dute, hiru emakume saritzeko, eta horiek ordezkari, «aldaketa politiko eta sozialean emakumearen papera» aitortzeko. Horretarako ez ezik, sustatzeko ere, jakina baita Nobelak diru-kopuru jakin bat ekartzen diola izendatuari.

Beraz, Liberiako presidente Ellen Johnson-Sirleaf-ek, emakume afrikarraren giza eskubideen aldeko ekintzaile Leymah Gbowee-k eta Tawakkul Karman opositore yemendarrak izango dute, bakoitzak berean, beren borrokarekin aurrera segitzeko baliabide gehiago. Izan ere, bitartekorik gabekoa borroka antzua besterik ez da, sinbolikoa, eta jendearengan eragiteko izan dezakeen garrantziari muzin egin barik, ez emankorra, emaitza ukigarriei dagokienez. Jaso litzake mundu mailako txalorik eta babesik handienak, egungo gatazka ugarirekin gertatzen den bezala -Sahara, Palestina...-, baina laguntza ekonomikoa jaso ezean, ez dago mundu honetan eragiterik, garaipena lortzerik.

Hain zuzen, sarituriko Liberiako presidentea Espainia-Afrika Mundu Hobearen Aldeko Emakumeen V. Topaketan izan zen, beste 500.000 bat liderrekin batera. Hortaz, ordezkaturiko herrialdeen sorta zabala eta oso ezberdina, aberatsa. Aldeak nabariagoak izanda, zein antzekotasun izan dezakete-eta, esaterako, Liberiak eta Finlandiak, edo hobeto esanda, Afrikako edozein herrialdek eta Europako beste inork. Bada, mundua eraldatzeko asmo beteko emakumeak, adibidez, eta aldaketa horretan emakumeon papera ezinbestekoa dela irizten dioten agintariak, eragileak eta bestelakoak. Borrokalariak, finean.

Izan ere, nonahi, borrokan dabil emakumea bere eskubideen alde. Oraindik ere, gutxiengoa garelako botere-eremuetan, alegia, gauzak benetan alda litezkeen erabakiak hartzeko guneetan, batetik, eta bestetik, jendartearen bestelako eremu intimoagoetan ere, etxean, lanean edo kalean, besteak beste, babesgabeagoak eta diskriminatuagoak izaten jarraitzen dugulako. Oro har, gizon eta emakumeen berdintasun ezak munduaren ezaugarria izaten jarraitzen duelako. Pentsa daiteke, eta pentsatzen da, holandar batek, adibidez, ez duela emakume afrikar baten aurrean kexatzeko inolako eskubiderik, bidegabea eta «apetatsua» ere badela. Nola kexatu soldaten arteko aldeez egunero bortxakeria eta esklabismoa jasaten duen emakume baten aurrean. Nola kexatu lidergoa egikaritzeko aukera ezaz ablazioa pairatu duen emakume baten aurrean. Ez dago alderatzerik, ankertasunari dagokionez, baina muinean gauza bera dago, areagotuagoa edo murriztuagoa, baina funts bera da: emakumeon mendekotasuna, gizonek gidaturiko gizarteak.

Berdintasuna neurria adierazteko adjektiborik onartzen ez duen printzipioa da, ez lurraldetasunik, ezta bestelako aukerarik ere. Bada edo ez da. Eta ez den bitartean, Afrikan eta Holandan, eta munduko txokorik galduenean ere, edozein pertsona -emakume zein gizon- izango da zilegi bide horretan jarraitzeko, nork bere borroka defendatuz, eta besteen errealitatea eta norberak eskain dezakeena alde batera utzi gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo