GARA > Idatzia > Kultura

Anartz BILBAO Musikazalea

Surioka

Aspaldiko kontua da, badakit. Joan den ekainaren 21ean jazo zen. Siroka elkarrizketatzekoak ziren ETB1-eko «Arratsaldero» saioan... zer eta presoen sakabanaketaren aurkako kamisetak soinean agertu ziren arte. «Ai ama, hau beldurra!»; zita bertan behera utzi eta... gaur bakea eta bihar loria!

Kontuak (hau eta beste asko) horrela konpontzen, «likidatzen» dira hemen, duda-muda beharrik barik, ez da alferrik gure herria «de ley y orden!».

Orain gutxi, baina, kasua berriro agertu da berrietan, EITB taldeko ahaldun nagusi izendatutako Surio azalpenak ematera deitu baitute Legebiltzarrera (Gasteizkora).

Presoen hurbilketaren aldeko aldarria zekartela (bekatu larriagorik) esan eta zentsura arropak eroso jantzita (pecata minuta) agertu zen Surio, maite-maite dituzten araudiz mozorrotuta: «Protokolo bat dugu, legez arautua, ikur politiko eta ideologikoak ez erakusteko».

Legeak gainditzera ere iristen diren ordenantza eta arautegiak; mozorro ederra aurkitu du gurean den handi-mandi saldoak kontrol sozialerako, boterearen lepoko distiratsua jantzita gizartea kate motzean lepotik pasieran eramateko. Gizalegezkoak izan eta lau hankan eta makurtuta ibiltzeko baimena izango dugu.

«Beti pentsatu izan dut telebista publikoa ez dela aldarrikapenetarako erakusleiho», bota du Suriok agerraldiaren bukaeran, sirokoa buruan eta inauterietako mozorroarekin gustura.

Alde batera eta bestera, horrenbeste urraketara ohituta, jada ezerk ez gaitu asaldatzen, ezta larrietan larrienak ere. Araztu eta araztu! Mesedez, ez Osakidetzan murrizketarik eragin; literatur sari, kale eta telebistak desinfektatzeko behar ditugu. Eta aldarrikapenetarako azkura sentitzen baduzu... «recuerde, beba Cocacola!».