GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gizarte osoari, bihar Bilbon egoteko deia

Gernikako Akordioaren sinatzaileek bihar Bilbon kalera irtetera dei egin diote gizarte osoari. «Aieteko Adierazpena oso garrantzitsua da, baina orain kalera irteteko unea da», esan zuten eragileek Hego Euskal Herriko lau hiribuetan, «prozesua ezin baita soilik alderdi politikoen esku utzi».
p017_f02.jpg

Nerea GOTI |

«Jendarte osoari dei egiten diogu bihar Bilbon 17.30ean izango den manifestaziora etortzera», esan zuen atzo Arantza Fernandez de Garaialde STEE-EILAS sindikatuko ordezkariak, Gernikako Akordioaren sinatzaileen izenean.

«Aieteko Adierazpena oso garrantzitsua da, bultzada bat da», baina «asko dago egiteko, eta eragile guztiok hartu behar dugu parte normalizazio politikokoa prozesu erreala izan dadin», adierazi zuen. Berretsi zuenez, «une honetan oso garrantzitsua da herritarren parte hartzea».

Gernikako Akordioko eragileen ordezkari talde baten aurrean komunikabideei egindako adierazpenetan, Fernandez de Garaialdek nabarmendu zuen zabaldutako prozesua ezin dela bakarrik indar politikoen eskuetan utzi, eta hori dela-eta gainerako eragile eta herritarrak kalera atera eta mobilizazioan parte hartzera deitu zituen.

«Normalizazioa, edukiz betea»

ETAren komunikatuaz, kazetarien galderei erantzunez, «poztekoa izango litzatekeela» esan zuen, baina «pausoak alde guztietatik» ematea espero dutela zehaztuta. Halaber, espero duten pauso horietako bat Sorturen legalizazioa dela esan zuen.

Prentsaren aurrean zabaldutako mezua, esku-orrien bidez zabaldu zuten atzo akordioaren sinatzaileek Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

Kalera irteteko deia eta horren zergatia plazaratzen zuen idatzia banatu zuten oinezkoen artean, bihar arratsaldean La Casillatik irtengo den manifestazio deialdia agertzen zuen euskarri handi baten aurrean. «Euskal Herrira ekarri nahi ditugun bakeak eta normalizazio politikoak egiazkoak eta edukiz beteak izan behar dute», zioen herritarren artean zabaldutako dokumentuak.

Gernikako Akordioa izenpetu duten eragile politiko, sindikal eta sozialek espero duten konponbideak «integrala, demokratikoa, galtzailerik gabekoa eta elkarrizketa bidez lortua» izan behar duela zehazten zuen orriak.

Era berean, preso politikoen egoera hobetzea, aukera politiko guztien legalizazioa, epaiketa politiko guztiak geldiaraztea eta pertsona guztien aurkako jazarpena amaiaraztea hasitako ibilbidearen «mugarriak» dira, sinatzaileen ustez, bai eta biktima guztien errekonozimendua ere.

Bilbon, akordioa izenpetu zuten eragileetako ordezkariak arduratu ziren zuzenean jendeari informazioa helarazteaz, esku-orriak banatuz. Aurrez aurreko horretan, herritarrengandik animo mezu ugari jaso zuten Bilboko agerraldian. «Aurrera», «orain pausoz pauso» eta antzeko mezuak jaso zituzten oinezkoengandik. Konponbidea gertu ikusten duen kolonbiar batek ere honakoa aitortu zien: «Nire herrirako nahi nuke hau» .

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo