GARA > Idatzia > Euskal Herria

«UEMA zer den eta zer xede duen azaldu nahi diogu gizarteari»

p019_f02.jpg

Maren Belastegi
UEMA-ko zuzendaritza batzordeko presidentea

Maren Belastegi Bergarako alkateordea da, eta duela aste batzuetatik UEMA Udal Euskaldunen Mankomunitateko Zuzendaritza Batzordeko presidente berria. Egun 61 udalerrik osatzen duten erakundeak, Bilduko bost kide, EAJko bi kide, Aralarreko ordezkari bat eta beste bi kide independente ditu lanean, zuzendaritza batzordean. Haize berriak neurri aurrerakoiak iragartzen ari dira.

Nerea GOTI | BERGARA

UEMAk bergarar bat du buruan duela aste batzuetatik hona. Maren Belastegi du izena eta Bilduko zinegotzia da Bergaran, alkateordea, hain zuzen ere. Aurrean duen lanaz eta asmoez hitz egiten duenean, neurri «aurrerakoiak» eta «ausartak» aipatzen ditu, zuzendaritzan sartu diren haize berri horien isla. Argi azaltzen du, era berean, beste helburu askoren artean, badela Bilduk bereziki beharrezkotzat jotzen duen bat: legea aldatzea euskarari lehentasuna emateko, erdaldunen hizkuntz eskubideak errespetatuta. Dioenez, esperientzia badago. Bestalde, eta erakundearen lanari begira, zuzendaritzako presidenteak berak badu beste helburu zehatz bat, UEMA bera eta egiten duen lanari zabalkundea ematea eta udalerri euskaldunen ikuspuntua erabakiguneetan txertatzea.

Orain arte landu den arlo teknikoa baino, zuzendaritza berriak arlo politikoa jorratu nahi duela adierazi du. Nondik nora gauzatuko da lan politiko hori?

Legealdi honetan, lan politikoaren helburu nagusia udalerri euskaldunetan euskararen aldeko neurri aurrerakoiak hartzeko bideak irekitzea izango da. Gure ustez, neurri ausartek bakarrik berma dezakete udalerriak euskaldun mantentzea edo euskaldunago izatea. Helburu horretarantz aurrerapausoak emateko, ezinbestekoa da euskaldun askoren kontzientzia indartzea: batzuek uste dute euskara ofiziala izate hutsagatik ez dagoela euskararen aldeko bestelako lanik egin beharrik. Ideia hori borrokatzearekin batera, UEMA zer den eta zertarako balio duen gizarteratu nahi dugu, gure proiektura herri gehiago biltzeko eta erabakiguneetan udalerri euskaldunen ikuspuntua txertatzeko.

Zer politika berri ekarriko du Bilduk UEMAra?

Udalerri euskaldunak euskaldun izan daitezen bermatzeko, gure erronka nagusiak bi izango dira. Alde batetik, udalerri euskaldunetan euskaraz bizitzeko dauden oztopo legalak baliogabetzea nahi dugu, eta horrek lege aldaketa bat ekarri beharko du. Bestetik, udalerri euskaldunak makroproiektuetatik babesteko neurriak hartzea nahi dugu. Makroproiektuetan bakarrik ez daude arriskuak. Proiektu txiki askok ere herriaren izaera alda dezakete.

Zein dira gaur-gaurkoz arazo nagusiak, eta zein konponbideak?

Arazoetako bat da udalok euskaraz funtzionatzeko ditugun arazo edo oztopo legalak. Legeak ez du ematen aukerarik euskarari inolako lehentasunik emateko, eta guk legea aldatzea nahi dugu. Guk proposatzen dugun konponbideak hogei urtetik gorako esperientzia du: euskarari lehentasuna ematea, erdaldunon hizkuntz eskubideak errespetatuta. Esperientziagatik diogu konponbide hori dela egokiena gure herrietarako.

Guk erdaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzen ditugu, baina geureak ere errespetatzea nahi dugu. Hortik dator euskaraz lan egitearen beharra.

Egoera soziolinguistikoa aztertzeari garrantzi handia ematen diozu. Zer informazio ematen du eta zer aplikazio du informazio horrek?

Batetik, herri batean makroproiektu bat egin behar dutenean (etxebizitza ugari eraiki, azpiegitura obra handiak egin...) herriko egoera soziolinguistikoan zer-nolako eragina izango duen kontuan hartzea nahi dugu. Gure galdera hau da: zergatik ez behartu aldez aurretik eragin soziolinguistikoen gaineko txosten bat egitera? Guk nahi dugu halako txostenek makroproiektua noiz eta nola egingo den baldintzatzea. Inori ez zaio bururatuko animalia babestu baten bizitokian obra suntsitzaileak egitea, ezta? Eta udalerri euskaldunetan? Euskaldunok eta euskarak ez dugu merezi babesik?

Baina makroproiektuak eta halakoak ez dira udalerri euskaldunak erdalduntzeko arrisku bakarrak. Euskaldunok, eta euskaldunok bezala gainerako hiztunek, gero eta harreman handiagoa dugu beste kultura eta hizkuntzetako pertsonekin. Eta aukera hori behar bezala kudeatu behar dugu aberasgarria izan dadin, bai bertako euskaldunentzat, bai kanpotik etorritakoentzat. Hori ondo ez egiteak arriskuak ekar ditzake, eta aberasgarri izan daitekeen hori arrisku bihurtu.

Hamabi udalerrik mankomunitatean sartzeko asmoa azaldu dute. UEMAn sartu diren haize berrien emaitza dira eskaera berri horiek?

Oraingoz, guk dakigula behintzat, udaletan ez dago erabakirik hartuta, beraz erabakia ez da publikoa. Jakin badakigu udal batzuetan lanketa bereziak egin nahi dituztela herrietako eragileekin. Beraz, guk herrien izenak ezin ditugu eman, baina kontuan hartzekoa da 140 udal euskaldun inguru daudela Hego Euskal Herrian, eta horietatik 100 ingurutan beraien hauteskundeetako programan UEMAn sartzea aurreikusten zutenak orain badaudela Alkatetzan.

«Neurri aurrerakoiak eskatzen ditugu»

Harremanetan jarriko zarete beste instituzioekin, zer eskatzeko nori?

Erakunde publiko orori gauza bat eskatzen diogu: ireki ditzala bideak udalerri euskaldunetan euskararen aldeko neurri aurrerakoiak hartzeko (oztopo legalak ezabatu, etorri berriekiko lanketa espezifikoak euskarara gerturatzeko, euskara lehentasuna izango den gune hegemonikoak sortu eta hedatu...). Bideak irekitzen badituzte, ondo, eta, gainera, gurekin elkarlanean jardun nahi badute, zoragarri. Besteek ez bezalako egoera soziolinguistikoa dugu: horregatik ez digute balio beste egoera soziolinguistiko batzuetarako onak izan daitezkeen hizkuntza politikek.

Gaur egun, Jaurlaritzarekin irekita dugu lan ildo bat: Euskararen Aholku Batzordeko kide gara, eta, bertan, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) berrikusten ari gara. Guk hor ere egin dugu ekarpena: beharrezkoa da udalerri euskaldunak babesteko legea.

Gipuzkoako Aldundiarekin ere izan dugu bilera bat, eta oso jarrera ona ikusteaz gain, Euskara zuzendariak esan digu lehentasunetako bat udalerri euskaldunetarako egoera soziolinguistikoa kontuan hartuko duen plan bat garatzea dela. Arabakoarekin oraindik ez dugu harremanik landu, baina egiteko asmoa daukagu, eta Nafarroako Gobernuarekin, berriz, aurreko legealdian jarri ginen harremanetan, baina ez zuten erantzunik eman. Horrek ez du esan nahi lanean jarraituko ez dugunik. N.G.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo