PKKren kontrako lurreko erasoa hasi du Turkiako Armadak
Turkiako Armada PKKri lurrez eraso egiten hasi zen atzo. Irakeko iparraldera 22 batailoi bidali zituen Gobernuak. Abdula Gul presidenteak «mendekua beldurgarria» izango dela nabarmendu zuen. Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak erasoaldiak «fruituak» emango dituela esan zuen. Testuinguru horretan, PKK-k asteazkenean hil zituen 24 soldadu turkiarrak omendu zituzten atzo beraien sorterrietan.GARA |
PKK gerrillari kurduen taldeak asteazkenean hil zituen 24 soldaduak agurtu zituzten atzo Van hirian. Zeremonia militar baten ostean, hilkutxak, Turkiako bandera gainean zutela, soldadu bakoitzaren sorterrira eraman zituzten hegazkin militarretan. Turkiako hainbat hiritan, Ankaran esaterako, PKK-ren aurkako manifestazioak egin zituzten. Musika kontzertuak ere bertan behera gelditu ziren dolu gisa.
Hedabideek ere euren haserrea azaldu zuten. «24 martiri, 74 milioi zauritu», izan zen «Posta» egunkariaren titular nagusia. «Yeni Safak»-rena «Mugarik gabeko samina» izan zen.
Asteazkenekoa azken hogei urte hauetan PKK taldeak egindako erasorik larriena izan da. Irakeko iparraldean ezkutatuta zeuden 200 eta 250 gerrillarien artean muga zeharkatu, eta Hakkari izeneko inguru menditsuan zeuden soldaduen kontra tiro egiten hasi ziren.
Erasoak Gobernuaren eta hedabideen sumina piztu du. Irakeko mugara joan zen Abdula Gul presidentea soldaduei adore ematera. Bertan zegoela, «mendekua beldurgarria» izango dela nabarmendu zuen.
Ildo berean, Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak «berehala» lurrez eraso egingo zietela mehatxu egin eta gutxira, Armadak Irakeko iparraldeko bost guneren aurkako erasoa egin zuen lurrez, Armadako Estatu Nagusiak ohar baten bidez aditzera eman zuenez, 22 batailoik Aireko Armadak lagunduta egin zuten erasoaldian. Ez zuen zehaztu, ordea, zenbat soldadu sartu ziren Irakeko iparraldean. Aditu militarren arabera, 10.000 eta 15.000 artean izan daitezke. 2008ko otsailean agindu zuen Gobernu turkiarrak mota honetako eraso erraldoi bat. Orduan, 10.000 soldadu mugiarazi zituen.
«PKKren kontrako eraso honek fruituak emango ditu. Horretaz ziur nago», helarazi zuen atzo Erdoganek, oposizioak haren jarrera gogor kritikatu ondoren. «Estatuak ez du onartuko terroristei inolako laguntzarik, inplizitua edo esplizitua, ematea, ezta atentatuei bizkarra ematea ere», berretsi zuen. Egoeraren larritasuna dela-eta, atzerrira egin behar zuen bidaia bertan behera uztea erabaki zuen lehen ministroak.
Era berean, Legebiltzarrak ezohiko bilkura egin zuen egoera aztertzeko eta hartu beharreko neurrien inguruan eztabaidatzeko.
Asteazkenaz geroztik, hegazkin militarrek Irakeko iparraldea etengabe bonbardatu dute, batez ere Dijarbakir.
Irakeko Atzerri Ministerioak PKKren atentatua gaitzetsi zuen, eta Turkiako Gobernuarekin nahiz soldaduen senideekin bat egin zuen. Joan den astean, bi Gobernuek PKKren kontra egiteko hitzarmena sinatu zuten Turkiako Atzerri ministro Ahmet Davutogluk eta Irakeko Hoshyar Zebarik.
Zebariren hitzetan, «onartezinak» dira PKKren kanpalekuak. «Bi gobernuek arazo bera dugu eta horri elkarrekin aurre egiteko borondatea dugu».
Davutogluk gerrillari kurduen kontrako neurri zorrotzagoak hartzeko eskatu zion. «Ez dugu inolaz ere onartuko Irak gure kontrako erasoak prestatzeko erabiltzea. Prest gaude hori ekiditeko hartu beharreko neurri guztiak hartzeko», esan zuen.
Bestetik, gerrillari kurduek «ongietorria» eman zieten soldadu turkiarrei. «Oraingoz, ez dira gu gauden tokira iritsi. Etorri behar badute, etor daitezela. Ongietorria emango diegu», esan zuen Dozdar Hammo bozeramaileak AFP albiste-agentziari eginiko adierazpenetan.
PKK eta Gobernuaren artean izandako elkarrizketa saiakerek porrot egin ostean, bien arteko harremanek nabarmen egin dute okerrera. Azken aste hauetan kurduen kontrako sarekada ugari egin dituzte. Eta uztailetik hona, PKK 60 bat soldadu turkiar hil ditu.
Ez da Turkiako Gobernuak era horretako erasoaldia agintzen duen lehen aldia. 1992an, 20.000 bat soldadu bidali zituen Irakeko iparraldera; 2008an, 10.000. Horretaz gain, ohikoak dira PKKren kanpalekuen kontrako aire erasoak.
1984an gatazka armatua hasi zenetik, 45.000 pertsona hil dira. Urteotan, hainbat elkarrizketa saiakera egon dira. 2006an, su etena iragarri zuen PKK-k. Aurten, egoerak nabarmen egin du okerrera hainbat sarekada izan ostean.