GARA > Idatzia > Kultura

Gaita Egunen 10. urteurrenean, eraldaketari bidea ireki nahian

Gaita Egunetan, gaur hasi eta igandera arte, euskal tresna tradizionalaren betiko doinuekin batera azken berrikuntzak izango dira entzungai. Beste euskal musika tresnei lekua egiteko bidean, aurtengo gonbidatua txistua izango da, Kanbon, Michel Labeguerieren herrian.

Idoia ERASO | BAIONA

«Pauso bat aurrera ematen ari gara, eta hori aukera ona da. Gaita nafarrari eskainitako besta da, baina aurten beste euskal tresna tradizional bat gonbidatu dugu; eta hori egin dugun moduan, heldu den ediziotik, euskal kulturako beste hainbat erakusle izango dira bertan», azaldu zuen Asier Goieaskoetxea gaitero eta jaialdiko antolatzaileak. Gaitak protagonista izaten segituko badu ere, hurrengo edizioetan trikia, alboka, soinua... edozein euskal instrumentu atzematen ahalko da. «Erabakia ez da hartua izan, baina eramaten ari garen bidea segituta, segur aski hala izango da», argitu zuen.

Gaita Egunen norabidearen aldaketa azaltzeko, honakoa esan zuen gaita-jotzaileak: «Gaiteroen artean gehienok beste tresna bat ere jotzen dugu, eta pena ematen digu ikusteak lehen garrantzi handia zuten beste instrumentu batzuek orain kalean ez dutela presentziarik, txistuak, esaterako. Intentzioa askoz gehiago irekitzea da, eta ez bakarrik musikari, baita dantzari ere. Euskal kultura herrikoiaren elkargune bilakatzeko».

Aurreko edizioetan beste herrietako musika tresnak gonbidatu izan dituzte, baina aurtengo gonbidatu berezia txistua izango dela nabarmendu zuen.

«Guk dakigunez, Ipar Euskal Herriko lehen txistularia Michel Labeguerie izan zen, eta aurtengo edizioa bera auzapez izan zen herrian egingo dugunez, omenaldia egin nahi izan diogu». Bihar, larunbata, Xabier Itzaina ikertzaile eta txistulariak hitzaldia emango du, Labegueriek bai txistuan, bai kantagintzan egindako ekarpenak aztertuz.

Hiru eguneko egitaraua iragarri dute antolatzaileek, gaur hasi eta igandera artekoa. Gaurko eguna txistuari eskaini diote. Kantua eta txistua protagonistatzat dituen kontzertua emango dute Kanboko elizan, Iruñeko, Bilboko eta Uztaritzeko txistulariek, Arraga koroarekin.

Gaita kontzertu handia

Bihar, larunbata, Gaita Eguna izango da. Musika tresnak eskaintzen dituen aukeren erakustoki izango da oro har jaialdia, eta bereziki bihar. Egun osoan emanaldiak ugari, eta amaieran, Euskal Herriko txoko guztietatik iritsitako gaiteroen kontzertu handi bat.

Non izaten dira presente gaitak gure bestetan? Goizean goiz dianarekin hasten dira gaita soinuak entzuten karriketan. Bihar, 09.30ean joko dute diana Iparraldeko Gaiteroek, egunari ongietorria emanez.

Eguerdian Errenteriako, Bilboko, Kanboko eta Amikuzeko erraldoiekin kalejira izango da.

Arratsaldean, biribilketa egingo dute karriketan zehar, eta alardea herriko etxearen aitzinean, Euskal Herri osotik bertaratutako gaiteroek parte hartuko dutelarik, Kanboko Armonia eta Jeikadi dantza taldearen laguntzarekin. Asier Goieaskoetxeak elkarrekin jotzearen abantailak aurkeztu zituen: «Kaleko ekitaldi tradizional guzti hauei esker gaitero berri askori aukera ematen zaie elkarrekin jotzeko, eta aldi berean ezagutzeko ze berrikuntza egiten diren».

Egunari bukaera emateko, esan bezala, gaita entzunaldia eginen da elizan. Bertan Iruñea, Tutera, Artaxona, Gasteiz, Bilbo, Arrasate, Uztaritze, Baigorri, Sara, Donapaleu eta Baionako gaiteroek norberaren estilo eta dohainak erakutsiko dituzte. «Kontzertuan ze pieza berriak sortu diren, ze maila dagoen ikusi ahal izango dugu, gainera ikasleentzat ere gaitarekin ze musika jo daitekeen ezagutzeko parada ematen du», azaldu zuen antolakuntzako kideak, gaiteroentzat halako topaketak dakartzan abantailak nabarmenduz.

Igandean ohiko diana eta meza egingo dute, baina eguneko unerik interesgarriena musika klasikoaren ildoko kontzertua izango da. Oboearen inguruan prestatu den kontzertuan, Gaita Luze sorkuntza eta Languedoceko L'Auboie entzuteko parada izango da.

 

KALERA

«Gaiteroen artean gehienok beste tresna bat ere jotzen dugu, eta pena ematen digu ikusteak lehen garrantzi handia zuten beste instrumentu batzuek orain kalean ez dutela presentziarik, esaterako txistua», dio Asier Goieskoetxeak

Fitxa

Tokia: Kanbo.

Data: Urriaren 21etik 23ra.

Kontzertuen sarrerak: 10 euro (5 euro gazteentzat).

Programa:

www.cambolesbains.com.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo