GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Berri Txarrak Taldearen lan berria

Musikazuzenean.com atarian, «Haria» azken diskoaren grabazioan barrena

Haria» izango du izenburu eta azaroaren bukaeran argitaratuko ei dute Kaiowas Records zigiluan. Berri Txarrak hirukotearen zazpigarren lana dugu hizpide, taldekideen eskutik eta Musikazuzenean atariari esker Kalifornian egin dituzten grabaketak pausoz pauso ezagutzeko parada izan baitugu.

p036_f01_148x112.jpg

Anartz BILBAO

Taldeak abuztuaren 25ean ekin zion egunerokoa idazteari, Urbizu bozeramaile (nagusi) zuela -Gonzalezen sarreraren bat ere bada testuetan, eta Izagirrek argazkiekin ematen du bere ikuspuntua-. «50 egun Ozeano Barean» izeneko sarreran, blogak «Berri Txarrak-en 7. diskoa Ozeano Barearen parean grabatuko da. Venice-en gaude, Los Angeles inguruan, Ross Robinsonek bertan duen etxean», kokatzen gaitu.

Lanean jo eta su

«3, 2, 1... grabatzen!» da hirukoteak abuztuaren 31n egunerokoan agertzen duen mezua. «Heldu da grabatzen hasteko ordua (...) Gela ezin da txikiagoa izan, apenas izango den 3x3 metroko zuloa». Prozedurari dagokionez, «lehendabizi kantu guztiak jo ditugu, berotzen joateko eta bateriaren soinua egokia dela ziurtatzeko -azaltzen dute-. Gero, kantuak banaka jo eta grabatzen hasi gara. Normalean oso bestelako teknika erabiltzen ohituak gaude» onartzen duten bitartean. «Hasteko, klaketarik ez dugu erabiliko. Eta ez da inongo gidarik. Galderrek gu izango gaitu ondoan bateriak grabatzeko orduan (...) batez ere, taldean jotzearen indarra senti dezan». Hirukoteak sekulako galipua du antza, eta bateriako partxeek ez diote asko irauten Izagirreri. «Rossek dio halakorik ez duela aspaldi ikusi».

Egunerokoak gero eta argiago erakutsiko duen moduan, taldea Robinsonen lanarekin txunditurik dago: «Zertaz doa kantu hau? Zer esan nahi duzu zehazki?... Taldekide guztiok jakin behar dugu kantak zer dion, behar duen aldartea emango badiogu. Mundua gaur bertan bukatuko balitz bezala jotzea nahi dut, asebete nazazue... [eskatzen die]».

«Abian da BTX-en zazpigarren oldarraldia!»... grabaketa lanek aurrera egin ahala egunerokoak gero eta zirrara handiagoa erakusten digu taldekideen sarreretan... eta ez bakarrik kontu musikalei dagokienez. «Bateriarekikoak amaituta, Galder pozik agertu da goizero gosaldu aurretik itsasoan hartzen dugun bainura. Eguerdiro hortxe ibili da hirurontzako bikain kozinatzen eta hemendik aurrera are plater goxoagoak prestatuko dituela agindu digu, denbora gehiago izango duela-eta». Argazkiak bota eta danborrak astintzeaz gain, lapiko artean ere trebea da Izagirre, beraz.

Grabaketa martxara itzulita, «Ezustea hartu dugu. Normalena, `banaka' grabatzeko orduan, instrumentu bakoitzarekin kantu guztiak jarraian grabatzea izaten da. Oraingon, ordea, kanta baten baxua grabatu eta jarraian kanta beraren gitarrak egingo ditugu, abestia bere osotasun instrumentalean bizitzeko. David eta biok arituko gara hortaz, txandaka -dio Urbizuk- (...) Hasteko aukeratu duen kantua berezia da. Venicera etorri aurretiko asteetan diskotik kanpo geratzeko zorian izan zen».

Irailaren 8an, estudio lanak alde batera utzi eta inguruaren berri ematen digu hirukoteak. «Veniceko itsasertzean promenatzea esperientzia surrealista da inondik ere (...) Botoxa, silikona, gihar hanpatuak eta adinaren aurkako borrokaren beste mila aldaera; Jaguarrak eta homelessak, banderak eta manta zikinak, etxe garestiak eta plastikozko souvenir merkeak, pedigridun txakurrak eta eskale besamotzak; Mexiko, Irak. Oro irribarre, hori bai, American dream» deskribatzen dute Hego Kaliforniako bazterra, lan kontuetara bueltatu aitzina. «Ekoizleari ekoizlearena egiten uzten diogun lehen aldia da (...) Albinik ere [«Payola»-ren ekoizlea] ez du ekoizle deitzerik onartzen (...) Taldearen iritzia kontuan hartzen du [Robinsonez mintzo dira], noski, baina kantu bakoitzaren irudi mentala egiten du eta haren bila abiatzen da, han-hemeka konponketak proposatuz eta batez ere, kantuen atal ezberdinetan soinuak aldatuz. Harritzekoa da lehenengo abesti honen gainean egiten ari garena, geruzak gehitu eta gehitu, baina muina errespetatuz betiere. Gure unibertso txikian zerbait berria». Dagoeneko martxa hartuta, «kostatu zaigu, baina azkenean erritmoa hartu dugula ematen du», diote irailaren 13an. Pau managerra iristekoa da egun horretan, eta taldeak Los Angeleseko irrati publiko batean elkarrizketa bat izango du.

«Hasierako astean, ordu dezente izan genituen libre, eta hiruzpalau egun segidan kateatzea ia ezinezkoa izan zen. Orain bai, halako automatismo bat sortu da, eta horrek grabazioaren dinamikaren alde egiten du. Hirugarren astea dugu dagoeneko Venicen eta gutxi gorabehera hauxe da egunerokoa: goizak libre antzean, eguerdi partean goiz bazkaldu eta ordu biak inguruan gitarrekin hasten gara (...) Bai Rossek bai guk inprobisazioan (senean?) sinesten dugu, eta asko dira lokalean ezik, hemen bertan sortu diren konponketa eta ideiak. Konexioa erabatekoa da». Eta egunak aurrera jarraitzen du; «gauerdi inguruan amaitzen da laneguna. Berez ez gaude oraindik ahotsak grabatzen, baina Rossek ia dena gordetzen du, inoiz ez baitakizu saio magiko hori noiz irten daitekeen. Gauero abeste honekin bi helburu betetzen ditugu: batetik, ni gero eta erosoago nago mikrofonoaren aurrean, eta bestetik, Rossek melodiaren nondik norakoak entzuten ditu». Ekoizlea, taldekideek sumatzen dutenez, «diskoarekin emozionatuta dago; kantak `awesome' [ikaragarriak] omen dira. Eta gu pozik, prefosta (...) Itxura oso ona diskoak».

Taldea jo eta su dabil diskoaren grabaketan, eta ez du bizi seinalerik ematen irailaren 19ra arte. «Asteon topera ibili gara, bloga elikatzeko astirik gabe. Barka. Azken egunetako planari eutsi diogu eta dagoeneko kanta guztiak grabatuta dauzkagu instrumentazioari dagokionez. Rossek guk ekarri baino maila bat gorago utzi du kanta bakoitza, harrigarria da benetan». Ekoizlea taldearen onena lortzen saiatzen da, eta «itzali burmuina; bihotzarekin, tripekin jotzea besterik ez dut nahi -eskatzen die-. Bost axola akatsak, akatsak dira onena, akatsengatik sortzen dira askotan kantuari heltzeko bide berriak», animatu ditu, iradokizunak egiten dituen bitartean. «Elkarlana bikain doa». Biharamunean, Bon Iver taldea zuzenean entzuteko aukera baliatuko du hirukoteak.

AEBetan diren artean, taldeak Skype du «gure munduarekiko zilborrestea, herrimina arindu eta etxekoak gertuxeago sentiarazteko». Bide horretatik jasotzen dituzte berriak (txarrak sarri); Kukutzaren alde -esaterako- behin baino gehiagotan egiten dituzten aipamenek agertzen dutenez.

Utikan zalantzak

Irailak 22, osteguna, «ahotsei ekiteko ordua iritsi da», dio Urbizuk. «Ezizenez Bin Laden deitzen diogun kantuarekin hastea proposatu dit Rossek. Ekoizleak zinez maite du abesti hau (neuk ere bai) (...) Berrogei minutuko tertulia sakona izan dugu grabatzen hasi aurretik. Abesteko dohain berezkoa daukadala, baina beste maila batera eraman nahi nauela eta ez duela etsiko lortu bitartean» esan ei dio Robinsonek nafarrari. «Horren ondotik `Iraila' grabatu dut (benetako izenburua hau). Hunkigarri geratu dela diote. Bai, kantu honek badu zerbait».

Grabaketak bukatzear direla, Gonzalezek Urbizuri txanda hartzen dio blogean, eta hausnarketa interesgarriak agertu, sorkuntza lana ulertze aldera. «Sormenez, sentsibilitateaz, emozioz, indarrez eta pasioz beteriko 35 egun (...) Niretzako, disko baten grabaketa prozesua sekula ez zen hain sakona izan (...) Lehen aldia da halako zerbait sentitzen dudana; benetako, egiazko zerbait egiten ari naizen sentipena. Zenbaitetan neure buruari galdetu izan diot, posible ote litzatekeen oraindik ere urrats bat harago joatea. Orain badakit baietz, posible dela...».

Baxu jotzaileak sortze prozesuarekin jarraitzen du. «Iristen da momentu bat non objektibitatea galdu egiten baita, perspektibak huts egiten dizu, zalantzak sortzen dira, ziurtasun faltak, eta jadanik ez dakizu egiten ari zaren hori ondo dagoen ala ez... Gorkak, Galderrek eta hirurok etengabe sentitu izan dugu aldaketa sentsorial hori, normala da. Are, izan zen, entseatzen ari ginen garain, disko berriari «Discomalo» deitzen genion denboraldi bat. Oro zen zalantza, eta beldur (...) Dibertigarria zen alde batetik, baina finean akojonatuta geunden!!!».

Lanaren poderioz zokoratutako zalantzak, kezkak eta beldurrak antza. «Esango nuke 35 egunotan ikasi dugun gauzarik garrantzitsuena izan dela gure inguruaz zeharo ahaztea. Albo batera utzi gure ziurtasun ezak, zentzumen gezurtiak, aurreiritziak... eta jotzeko orduan zintzoak izan, nota bakoitzean sinetsiz eta batez ere, gu geu izanez... inoiz ez genituen kantuak hain geure sentitu (...) `Disko txarra' amaitzeko zorian gaude... sekula ez nintzen disko batetaz hain ziur egon», bukatzen du bizkaitarrak.

Jada urrian, eta nahasketekin abiatuta -«behar bezala egitea ez da hain erraza», dio taldeak-, Urbizuk hartzen du berriro egunerokoaren ardura. «Oharkabean abentura honen azken astean gara. Horrek esan nahi du gero eta erabaki gehiago hartu behar direla, horietako bakoitzaren inguruko eztabaidak ugaldu. Diskoaren nahasketa lanak hasi ditugu [Steve Evett dute teknikari] diseinuarekin bueltaka gabiltza, ordena erabaki behar da, kreditoak idatzi (...) eta hori gutxi balitz, biharko `Haria listening party' bat antolatua daukagu (...) Ikara apur bat ematen du, jakinik astebete eskas geratzen zaigula itsasertz honetan». Eta nahasketa lanak, zer moduz? «Lehendabizikoa amaitu dugu. Badugu tira egiteko haria».

Abuztuaren 23an abiatutako bidea bukatzear, urriaren 13an taldeak azken sarrera egiten du eguneroko legez erabili duen blogean. Besteak beste, bertan ematen dute Ross Robinsonekin batera ospatu dituzten jaien eta hauetan ezagutu dituzten rock izarren berri. «Bukatzeko gutxi geratzen dela jakiteak beti eramaten zaitu atzera-begirakoa egitera, eta memorian iltzatutako irudiekin zein Galderrek aldiro pasa dizkigun argazki puskekin halako mapa bat osa liteke». Horiek guztiak eta gehiago aurkituko dituzu, disko berria saltokietara iristen den bitartean, www.musikazuzenean.com atarian.

Hirukotea dagoeneko Euskal Herrian bueltan da; eta aurreikuspenen arabera, azaro bukaeran aurkeztuko dute «Haria», Kaiowas Records zigiluan. Zazpigarren lana dela diote, baina lehenengoa dela ere esan dezakegu, aurreneko diskoa baitu egungo hirukoteak: Gorka Urbizu (gitarra eta ahotsak), David Gonzalez (baxua) eta Galder Izagirre (bateria).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo