GARA > Idatzia > Kultura

«Sari bakoitza konplot bat da eta orain badirudi ni naizela onura jaso duena»

p028_f02.jpg

Ur Apalategi

Euskarako Euskadi literatura sariduna

Bezperako zurrumurruek ziotena betez, Ur Apalategik irabazi du euskarazko Euskadi literatura saria; Jon Bilbao gaztelaniazkoan gailendu da eta Miren Agur Meabe euskarazko haur eta gazte literaturan. Arlo honetako gaztelaniazko saririk ez dute banatu, lanen «garapen irregularragatik».

Atzo, Blanca Urgell Lakuako Kultura sailburuarekin batera prentsaren aitzinean agertu zirenean, sarituek ez zuten ezkutatu poza eta esker ona. Ur Apalategi 1972an Parisen jaio eta aspaldian Donibane Lohizunen bizi den idazlearentzat, adibidez, itsasora botatako botila bat bueltatzea bezalakoa izan da bere ipuin liburua, «Fikzioaren izterrak» (Susa), aukeratzea.

Ipuin batean sariotako epaimahaiaz idatzi eta kideek nola erabakitzen duten kontatu duzu. «Idazle bati zerua ematea da gure lana», dio kide batek. Bitxia da orain zuk jasotzea zerua... Hala da?

Bai, bai, zeru mota bat da. Izugarrizko poza da, espero gabea. Idazten dudanean, lehenik irakurlearentzat idazten dut, bera ukitu nahi dut, goza dezan, eta seduzitzen saiatzen naiz. Saria beste zerbait da, beste ezagupen edo poz mota bat. Beterriko Liburua saria bi aldiz jaso dut eta nahiko hurbil dago irakurlearengandik, berak emandako sari bat da. Euskadi literatura saria, aldiz, epaimahai batek ematen du, erakundeek babestua dago... Jakina, plazer handia ematen du hartzeak, baina ipuinean azaltzen den bezala, sari bakoitza konplot bat da. Orain badirudi ni naizela konplotaren onura jaso duena (irri egiten du).

Ironikoa da, ezta?

Egia da ironia dagoela egoeran. Ipuinean ez zegokidan niri saria jasotzea. Beharbada, irakurketak efektu ironiko hori izan du epaimahaiarengan, auskalo!

Sarietan ez duzula gehiegi sinesten irakurri izan dizut, promoziorako balio arren, hortik ez dela egia literarioa lortzen.

Berretsi egiten dut ideia hori. Saria zirkunstantzia askoren batuketa da eta ez dut sinesten sari honek aldatu nauenik, erlatibizatu egiten dut eragina. Egia da autoestimua altxatzen dizula, ezinbestean. On egiten du. Baina hortik aurrera obra baten balioa denborarekin ikusten dela sinesten jarraitzen dut.

Sariok aldatu egin zituzten; lehenago urtean argitaratutako guztitik aukeratzen zuten epaimahaikideek; orain, ordea, aurkeztu egin behar dira lanak. Zuk nolatan aurkeztu duzu?

Ez du argitaletxeak aurkeztu, hain zuzen, ni nagoen argitaletxeak, Susak, printzipiozko jarrera bat daukalako sariokiko. Ez zaizkie gustatzen. Nik izan dut gogoa aurkezteko, eta gauza bera gertatu zaio Miren Agur Meaberi, Susarekin kaleratu duelako «Bitsa eskuetan».

Eta sarien aldaketari buruz zer diozu?

Epaile gisa parte hartu izan dut; behin epaimahaiburu ere izan nintzen. Garai hartan ez zen izenik eman behar eta garbi dago idealki hala beharko lukeela.

Obra hau trilogia baten hirugarren pieza gisako bat da, ezta? Idazlearen figura agertzen delako ardatz gisa, baita fikzioa ere.

Hori da. Hau ez da gauza kalkulatu bat, atzera begiratuz ikusten dena baizik. Ziur aski, nire obsesio pertsonalak dira eta horren aurka ezin da borrokatu; are gehiago, ez da borrokatu behar. Uste dut idazleak bat egin behar duela bere obsesioekin benetakoa izan nahi badu, sinesgarritasuna lortu nahi badu eta indarra eman nahi badio idazten duenari. Ikuspegi hori azaltzeko, Jean Cocteau idazlearen esaldi bat aipatzea gustatzen zait. Cocteauk zioen kritika egiten badizute zerbaiti buruz, zerbait hori lantzeko eta muturreraino eramateko, zerbait edo zer hori zu zara-eta. Nik beti arau hori jarraitzen dut.

Prentsaurrekoan ere aipatu dituzu obsesioak eta aitortu duzu ez zenuela espero itsasora botatako botila itzultzea.

Ezustea izan da liburu honekin hainbeste lortzea irakurlearekin konektatzea, uste nuelako gaiarengatik beharbada zailxeagoa izango zela aurreko bi nobelak baino. Ez da hala gertatu, zorionez. Irakurleak segituan eman dio erantzun ona eta zabala liburuari, eta ni neu ere neurri batean harriturik nago. Eta oso pozik, frogatu didalako bide zuzenetik nindoala. Bide zuzena hori da, leiala izatea neure buruarekiko.

Lantzen duzun bertze gai bat bikote harremanena da. Idazletza eta bikote harremanak. Zergatik lotu dituzu?

Nire bizitzako momentu bati zegokiola pentsatzen dut. 38 urte ditut, bizitzaren esperientzia bat daukat eta, beharbada, beharra sentitzen nuen horri buruz idazteko, gai bat delako gero eta gehiago ezagutzen dudana eta bizi nauena. Orduan, baneukan beharra ere zenbait gogoeta eta bikoteari buruzko zenbait gauza esateko, idaztea zerbait terapeutikoa delako beti. Garbi dago ni bi urtez bizi izan naizela liburu honekin, inori esan gabe, ezta emazteari ere, eta egunero gozatu dudala, nire baitan neraman sekretua zen eta oso goxo ibili naiz ipuinokin, behin eta berriz idatzi, irakurri, zuzendu eta terapia eginez.

Oztopo da idaztea bikote harremanerako?

Ez dut uste. Oztopoa nire kasuan bikotea baino gehiago haurrak izatea izan da, denborarik ez nuelako. Haurrak txikiak ziren bitarte horretan garbi dago pilatuz joan zaidala frustrazio bat idazletzarekin, eta kuriosoki pentsatzen dut frustrazio hori energia guztiz baliagarri bihurtu dela gero liburu hau idazterakoan. Pilatutako frustrazio horrek eman dit benetako bultzada eta gogoa idazteko.

Denboraldi bat egon zarelako ezin idatzirik?

Bai, bai, garbi dago. Nire funtzionamendua da idazle moduan; ez dut sistema produktibista batean sartu nahi, ez dut ofiziozkoa bihurtu nahi, ez dut nahi nire egunerokotasuna izan dadin idaztearena. Idazletzari bere ezohikotasuna gorde nahi diot, ezohikotasun horrek ematen diolako bere xarma.

Fikzioa errealitatean bizitzeko edo errealitateari aurre egiteko behar dugun gauza bat da zuretzat.

Nik uste dut denok gabiltzala fikzioetan babestuz aurrera egiteko. Fikzio hauek izan daitezke kanpotik eskaintzen dizkigutenak, ideologiak edo erlijioak adibidez, baina izan daitezke norberak bere baitan antolatzen dituen fikziotxoak, utopiatxoak edo pelikulak, gure buruari saltzen dizkiogun gezurrak.

Bikotea ere fikzio bat dela irakurri dizut, bakoitzak bere pelikula duelako eta batzuetan bat egiten dutelako eta beste batzuetan agian ez.

Lacan psikoanalistaren esaldi famatu bat aipa dezakegu. Esaten zuen ez dagoela harreman sexualik. Hau pixka bat luzatuz esan daiteke ez dagoela bikote harremanik, gaizki-ulertu zoriontsu bat delako. Bakoitzak bere fikzioa bizi du eta bestearen gainean proiektatzen du. Baina hala ere, gaizki-ulertu zoriontsu eta zoragarria izan daiteke.

Umoreak ere badu bere lekua, irri egiteko moduko zatiak daude.

Nire helburua ez da liburu komiko bat idaztea izan, baina umorerik gabeko liburu bat hankamotza iruditzen zait, nire mundu ikuskerarekin lotuta dagoelako.

Nobelagile hertsiaren ipuin liburu ederra

Ur Apalategik bere lehen ipuin liburuarekin eskuratu du Euskadi literatura saria. Aitzinetik bi nobela kaleratu zituen, «Gauak eta hiriak» eta «Gure gauzak S.A.». «Bere burua nobelagile hertsitzat zuen batek ipuin ederra utzi digu», idatzi zuen Iban Balerdi gure literatur kritikariak, orain dela ia urtebete, iazko azaroan. «Fikzio konpartitua deitzen dio berak literaturarekin lor daitekeenari, idazlearen eta irakurlearen artean sortu ahal den nolabaiteko lotura, alegia. Horrelako zerbaitek lotzen du `Beste bizitza' ipuina. Bertan, narrazioko pertsonaia baten eskutik kontatzen zaigu istorioa, etengabe puntu berean gelditzen dena. Baina puntu horretan irakurle ezberdinak dira gelditzen direnak», jarraitzen zuen Balerdiren artikuluak.

«Azken fandangoa Buenos Airesen» izeneko ipuin luzean, gainbeheran dagoen autore bat eta hasi berritan mundua jateko prest dagoen beste bat dira protagonista. «Gauzak egiteko molde zahar nahiz berriak, mugiarazten gaituen lehia geldiezinean. Literatura sari eta kongresuen kritika zorrotza guztiaren atzean». GARA

SARRIONANDIA

Sarituek 18.000 euro jasoko dituzte eta sariak azaroan banatuko dituzte Gasteizen. Blanca Urgellek atzo berretsi zuen Joseba Sarrionandiari sari ekonomikoa emanen diotela «epaileen aurrean bere egoera konpondutakoan eta legeak errespetatuz gizartean integratzea erabakitzen duenean».

Bilbaok norbera ezagutzeaz egin du gogoeta

Jon Bilbao 1972an Asturiasen jaiotako eta Bilbon urte anitz daramatzan idazlearen «Bajo el influjo del cometa» ipuin liburuak jaso du gaztelaniazko literatura saria. Argitu zuenez, istorio guztien arteko lotura pertsonaiek beren burua ezagutzeko egiten duten bidaia edo prozesua da. «Jakiten dituzten gauzak ez dira onak, baina, paradoxikoki, gauzak ez doazkie erabat gaizki». Obra hau irakurtzen duenak norbera hobeki ezagutzea, baita gure alderdirik ilunenak ere, onuragarria dela ondorioztatzea nahiko luke. Abisatu zigunez, ezagunak eta hurbilekoak eginen zaizkigu pertsonaiak. «Egoerak izango dira desberdin jokatzera eramango dituztenak, besteek espero ez duten bezala, euren buruak harritzeraino. Bizilaguna espiatzeko, familia abandonatzeko edo maite duen norbaiten konfiantza pikutara bidaltzeko gai direla deskubrituko dute».

Izenburua azkeneko ipuinetik hartu du, liburuaren osotasuna hobekien islatzen duen istoriotik. Zientzia fikzioa nahasten da hemen, kometa erraldoi batek itzalpean uzten baitu herriaren zati bat. Bertan gelditzen diren gutxiek ur bila atera edo lapurrengandik babestu beharko dute. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo