«Gazte asko dago egoera gordinak bizi dituena eta neska-mutilak egoera horietaz jabetzea nahi nuen»
Euskarazko haur eta gazte literaturako sariduna
1962an Lekeition jaiotako idazleak bazituen atzo alai egoteko arrazoiak, «Errepidea» lanarekin haur eta gazte literatura sailean gailentzeaz gain, «Bitsa eskuetan» bere poema liburua euskarazko literaturari dagokion sarian finalista geratu delako.
«Karabana batean bizi bazara, ohituta zaude toki batetik bestera ibiltzen. Ama bere buruarekin berbetan hasten denean, badakit laster hanka egingo dugula. Ohituta nago ia aldi berean `kaixo' eta `agur' esaten. Horregatik saiatzen naiz inorekin lotura esturik ez sortzen. Paso. Txoriak bezalakoak gara gu: beti hegan, segadetatik ihesi ezerk edo inork harrapa ez gaitzan. Errepideak tira egiten digu». Rigelen hitzak dira hauek, «Errepidea» liburuko narratzaile nagusiak.
«Ez da istorio gozoa -ohartarazi zuen Miren Agur Meabek-. Karabana batean bizi diren ama-alaba biren bizimodua kontatzen du. Etorkinak dira, diru arazoak dituzte eta zailtasun hauei nerabezaroko ohiko errebeldiak ekarritakoak gehitzen zaizkie. Amak gizonak diru truke hartzea erabakitzen duenean, oraindik zailagoa izango da egoera».
Egileak agertu zuenez, Rigel, 13 urteko neskatoa, ohituta dago amaren babesik gabe ibiltzen, eta bere portaera ez da gaur egun politikoki zuzentzat hartuko genukeena. Besteak beste, graffitiak egin zalea da, bere bizi filosofia adierazteko. «Beste bost narratzaile ere badira, bost txori, kardantxiloa da txikiena eta lertxuna handiena». Hauek emanen diote Rigeli behar duen babesa eta hauekin sumatzen da gehien ukitu poetikoa.
Oharkabean pasatako liburua
Iaz atera zuen «Errepidea» Euskadi saria bertze bi aldiz ere irabazia duen idazleak, «Itsaslabarreko etxea» eta «Urtebete itsasargian» gazte nobelei esker (Kritikaren Saria ere jasoa da «Azalaren kodea» eta «Bitsa eskuetan» lanengatik). Baina Durangoko Azokarako kaleratu zuenean karabanan bizi diren ama-alaben istorioa «oharkabean» pasatu zen. «Kritika batzuk atera ziren egunkarian eta orduan hartu nuen benetako poza», aitortu zuen. Orain arte idatzi dituen obrekin konparatuta, pertsonaiarik errebeldeena da Rigel eta gizartearekin kritikoena da lana. «Gazte asko dago egoera gordinak bizi dituena eta neska-mutilak egoera horietaz jabetzea nahi nuen. Mina, desoreka, garraztasuna zen barruan neukan ideia eta hori atera zitzaidan».
Garraztasun horren kontrapisu moduan bost txori narratzaileak sartu zituen, ordea, eta horien bidez orekatu egin zuen istorioa.
Duintasuna, karnet iraunkorra
«Liburutik gehien gustatzen zaidana bi emakume protagonistak beren kabuz zein ondo moldatzen diren da, zer zuhurrak diren mendekotasun afektibo eta sozialik ez izateko. `Duintasuna karnet iraunkorra da', esaten dute».
Kontatu zuenez, Meabek ez du feedback handirik izan oraindik irakurle gazteekin liburu honekin. Eskola batera joan zen solasaldi batera eta neska-mutilek egin zioten lehenbiziko galdera ondokoa izan omen zen: «Zergatik erabili duzu `puta' hitza?». «Uste dut ikasleek gustuko izan zutela istorioa. Irakasle batzuek begiratzen zidaten pixka bat betoker», ekarri zuen gogora lekeitiarrak umorez. «Badira irakurle batzuk halako lanak gustura hartzen dituztenak, baina beste batzuk politikoki zuzenaren mende daude eta eskandalizatu egiten dira».
Haur literaturako lan bat ez ezik, poesia liburu bat ere aurkeztu du Meabek sariketa honetan eta finalean sartzea lortu du, gainera. «Batzuetan poesian izaten dut burua, barruko egoerak ere hala eskatzen dit, baina ezin naiz beti nire obsesioei bueltaka ibili, arnasa behar dut eta bestelako lanak idazten ditut». Orain, lan berri batekin ari da, baita «Errepidea» itzultzen ere, baduelako mamia eta zabaldu nahi duelako. M. I.