GARA > Idatzia > Kultura

Aurrekoek bizi izandako historia bildu du Erramun Martikorenak

Kantari baigorriarrak Ipar Euskal Herriko XX. mendeko historiako gertaera esanguratsuak azaltzen ditu hamabost kanturen bidez. Izan ere, duela ehun urte idatzitako bertsoez osatu du diskoa, «gure aitzinekoek bizi izandako historia» ezagutaraztearen garrantziaz jabetuta.
p033_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Hiru urtez kantagintzatik aldenduta ibili ondoren, Erramun Martikorena euskal kantuaren mundura itzuli da «Gure lurretik» diskoa kaleratuz. «Ez nuen uste itzuliko nintzenik, baina, hazia berpiztu zait», argitu zuen.

Tiradera batean aspalditik zituen testu zahar batzuk hartu, eta negua igaro du abestiak moldatzen eta diskoa lantzen. Martikorenaren bederatzigarren diskoa da «Gure lurretik», eta bere esanetan, aurretik egindakoekin alderatuz «ezberdina da». Kantari baigorriarrak bere familiak bizitako historia aipatzen du hamabost kantu berri horietan. Eta, horri esker Ipar Euskal Herrian izandako gertakari garrantzitsuak agerian jartzen ditu. «Garrantzitsua iruditzen zitzaidan duela ehun urte idatziak izan diren bertso horiek agertzea, gure aitzinekoek pasatutako istorio garrantzitsuak aipatzen baitituzte».

Beste kantariekin lanean

Abestien sailkapenean hari zehatz bati jarraitu diola esan zuen Martikorenak. Euskal Herriaren «nortasunaren oinarrietariko» bat den hizkuntzari buruzko «Bizi dadin euskara» abestiarekin hasten da. Ondoko abestietan, Ameriketara joandako euskaldunak, Lehen Mundu Gerla, maitasuna, sufrimendua, familiari atxikimendua, artzaingoa, edo ezkontza aipatzen ditu. 1835. eta 1914. urteen artean Ameriketara joan ziren gazteetariko bat izan zen Erramun Martikorenaren aitatxi. 1912an itzuli bezain laster, Lehen Mundu Gerra egitea deitua izan zen, eta lau urte igaro zituen bertan.

Kantari baigorriarrak bost abesti moldatu ditu, eta, diskoa kaleratzeko hainbat musikari eta kantarirekin elkarlanean aritu da. Baigorriko Kantiruki abesbatza, Mikel Markez, Jean-Michel Bedaxagar edo Mixel Ducau izan ditu lagun, besteak beste.

DONOSTIAN KANTALDIA

Azaroaren 20an, Donostiako Victoria Eugenia aretoan kantaldia eskainiko du Martikorenak Mikel Markezekin batera. Diskoan parte hartu duten musikari eta kantariak ere taula gainean agertuko dira.

AZKEN ABESTIA

«Hitz zuhurren kantua» izeneko azken abestian, diskoan parte hartu duten guztiek elkarrekin kantatzen dute. Hamaika bertsoz osatuta dago kantua, eta Martikorenak aho-soinuarekin laguntzen du abestia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo