Hurrengo urterako «mobilizazio erraldoia» prest du 1512-2012 ekimenak
Duela hiru urte luze hasi zen lanean 1512-2012 Nafarroa Bizirik mugimendua, ate joka den konkistaren bosgarren mendeurrenari begira. Hurrengo larunbatean aurkeztuko du 2012. urteko «mobilizazio erraldoia».
GARA | IRUÑEA
Astiro-astiro baina atseden gabe lan egin du 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenak 2008. urtetik. Konkistaren bosgarren mendeurrena datorrela ohartarazteko ahalegina izan da berea orain arte, bai eta 1512an gertatutakoa salatu nahi dutenen indarrak biltzekoa ere. Baina orain datorkio benetako hitzordua, 2012a ate joka dago-eta.
Horiek horrela, hurrengo larunbaterako agerraldi garrantzitsua prestatzen ari da uneotan 1512-2012 Nafarroa Bizirik; bertan, «hurrengo urtean burutuko den mobilizazio erraldoia» emango du ezagutzera. Zehaztapenak ez dira ezagutzen momentuz.
Datorren larunbateko prentsaurrekoak hiru urteko ibilbidean ekimenak lortu duen aniztasuna islatu nahi du. Helburu horrekin, deialdiarekin bat egin dezaten eskatu diete Euskal Herriko udalei, elkarteei, herri eragileei, musika, dantza, txalaparta, zanpantzar eta gaita taldeei, sindikatuei, alderdi politikoetako eledunei, arte eta kirol arloetako ordezkariei...
Aniztasunak ezaugarritu du ekimenak orain artean egindako bidea. 2008an zehaztu zutenez, «mugimendu berri honek harreman eta loturak bilatu eta estutuko ditu esparru honetan lanean ari diren guztiekin, konplizitate horien bidez indarrak biltzeko, baina betiere gure nortasuna gordeaz. Aniztasunaren oinarria, jakina, oinarri ideologikoa izanen da. 1512ko konkistaren ondorioak onartu eta bereganatzen dituzten batzuek ere salatuko dituzte 1512ko gertaerak, baina ez gure mugimenduan. Ateak zabalik izanen ditugu, bai, baina gure ikurra estatalitatearen aldarrikapena da», nabarmendu zuten 1512-2012 Nafarroa Bizirik-eko sustatzaileek.
Ibilbidea «luzea eta askotarikoa» izan dela eransten dute orain: adibide gisa, Amaiurren eta Iruñean ekitaldiak burutu dituzte, 60 hitzaldi inguru antolatu dituzte, ``Pregoia'' aldizkaria argitaratu dute, ``Konkistak 500 urte'' liburuak hiru edizio izan ditu (bi euskaraz eta gazteleraz eta beste bat euskara eta frantsesez), hamazazpi musika talde eta bakarlarik musika bilduma egin dute...
2012. urtea heltzear dela, orain arteko bidean «gure konpromisoa indartu dugu», nabarmendu dute. «Ahalik eta indar bilketa handiena egiten saiatu gara 500 urte hauetan deuseztatu ezin izan duten oroimena berreskuratzeko», erantsi du mugimenduak.
Datorrena prestatzeko kontaktu bira egiten ari da 1512-2012 ekimena irailetik. Adibide gisa, ostegunean EAJko Nafarroako ordezkariekin bildu ziren, besteak beste «mobilizazio erraldoia» antolatzeko egitasmoa beraiekin partekatzeko asmoarekin.