Julen MURGOITIO
Houdinirenak egin du
Hor ibili naiz, gizon arrunta, papera aurrean eta atzean, periodikoa leituz ilustratu gurarik, ea zutabe honetarako gai politikorik topatzen nuen edo. Baina eskas. Ohiko aste batean hamaika albiste izaten dira gurean, honetaz edo hartaz zaharberrituak direnak, zein baino zein letra handiagoan, baina amaitzear den honetan apenas berririk aurkitu. Saiatuta ere. Azkenean batekin egin dut topo: euria egin du kostaldean! Tira, hortixe abiatuko naiz, eta gerokoak geroko. Bai euria, hainbat egunetan hego haizea eta gau epela izan ondoren, euria egin! Eta badakizue halakoetan zer gertatzen den, mutxurdinak leihoetara ateratzeaz gain, ateri eta gero: perretxikoen ugalketa...? Ez, hirian ez behintzat; halakoetan euritakoen ugalketa da! Hiriko edozein bazterretan ageri dira, multzoka, nahastuta, hormaren kontra, eta hauxe kolpea, heldulekuan eskurik ez, batek ere ez! Hainbat jende esku hutsik etxeratzen den seinale.
Tira, papera aurrean eta atzean, Ikuskizunak sailera ailegatu naiz. Horra kolpea! Dagoeneko Houdini ez da Handia, handiena behintzat ez. Hemengo sozialista batek bota berri du historiaren bazterrera, nork eta Ajuria Eneko maizterrak, bai, okupa den horrek bota ere. Aurrerantzean berau ageriko da eskapismo kontuetan handiena! Houdinik giltzapeko kateetatik askatzeko itzelezko trebezia omen zuen, urpean izanda ere. Gizajoa! zer ikusirik ez Ajuria Enekoak Arabako lurpeko gas antzeko hori Texasen agerrarazteko erakutsi berri duenarekin! Bai, eskapista ona dela ezin ukatu, gero etxean bueltan dela katerik txikerrenarekin ere bera bakarrik zangotrabatu arren, katea lepokoa izanda ere. Hau kolpea! Bidaia egun gutxi batzuetan luzatu izan balu, Euskal Herria estatu eginda topatuko zukeen etortzean, eta bera oposizioan. Ama, ama! Zelan dabilen zerbitzua!
Total, izen handiagoko jendea ibili da euskal Kantaurialdetik egunotan, eskapismoaren kontrako norabidean. Ibili eta jesarri. Jesarri eta berba egin. Eta adostu. Eta proposatu. Eta seinalatu. Eta bidea orritu, eta aletu. Horixe leitu dut Nazioartea sailean. Eta hauxe kolpea ere! Lehenengo aldiz Nazioartea eta Euskal Herria orri bera ziren! Denbora berrian gara, haize berrian, ezker abertzalekoak gorbataz ikusi ditut, eta jelkideak pinak paparrean. Ama, ama! Ez dakit iraultza den, baina iraulia behintzat bai! Haizea dabil, bai, eta batzuk haizetakorik gabe eskuan.