GARA > Idatzia > Mundua

Bangkok ur azpian dago eta herritarrak, beldurrak airean, denbora luzez eusteko prest

Yingluck Shinawatrak hondamendi egoera ezarri du Thailandian uholde larrien ondorioz eta biztanleei borroka luzerako prestatzeko eskatu die. Bangkokeko hainbat eremu urez gainezka daude eta, jada, 320 lagun hil dira. Adituen aurreikuspenen arabera, egoerak okerrera egingo du.

GARA |

Thailandiak azken 50 urteotako uholderik larrienak bizi ditu. Montzoiek ezohiko euri jasak eragin dituzte azken asteotan lurralde osoan. Egoera bereziki larria da Bangkoken, hainbat inguru urez gainezka baitaude. Prayuth Chanocha jeneralak ostiralean ohartarazi zuenez, babesteko ipinitako dikeak apurtzear daude, Bangkok inguratzen duten probintzietan pilatutako ur kopuru «itzelaren» ondorioz. «Ur korronteen abiadura aztertuta, litekeena da horiek erortzea. Ez dut uste halako presioa jasango dutenik», nabarmendu zuen.

Egoeraren larritasuna ikusita eta jasotako kritikei erantzunez, Yingluck Shinawatra lehen ministroak hondamendi egoera deklaratu zuen ostiralean eta kanalen hainbat ate irekitzeko eskatu zuen. Uholdeei aurre egiteko erabakiak hartzeko gaitasuna eta bere aginduak betetzen ez dituzten funtzionarioak edo oker jokatzen dutenak kanporatzeko ahalmena ematen dio hondamendi egoera ezarri izanak lehen ministroari.

Yingluckek uholdeei denbora luzez eusteko prest egoteko dei ere egin zien Bangkok eta Thailandia osoko biztanleei. Izan ere, aurreikuspenen arabera, egoerak oraindik okerrera egingo du eta gutxienez beste hilabete iraungo du. Joan den abuztuan gobernura iritsi zenetik egokitu zaion unerik zailena da lehen ministroarentzat. Oposizioak gogor kritikatu du gobernuburua, egoerari lehenago aurre egin ez izanagatik. Enpresa munduan aditua baina politikan eskarmenturik gabea izanik, agintzeko gaitasunik ez izatea leporatzen diote aurkariek.

Gobernu barruan ere kontraesanak sortu dira, ez baitira ados ipintzen krisia kudeatzeko moduan. Horrez gain, herritarrek agintarien erantzun «motela» gogor gaitzetsi dute. Kaltetutako probintzietako gobernadoreen arteko koordinazio falta nabarmendu dute askok.

Testuinguru horretan, Yingluckek hondamendi egoera ezarri behar izan du, orain arte horren beharrik ez zegoela defendatu arren. Ostiralean, ordea, Bangkokeko azpiegitura estrategiko guztiak babesteko agindua eman zion Armadari, horien artean Suvarnabhumiko nazioarteko aireportua, errege-etxea, Siriraj ospitalea eta instalazio elektrikoak. Era berean, dituzten ondasunak urak honda ez ditzakeen lekuetan jartzeko eskatu zien lehen ministroak herritarrei. «Prebentzio neurriak dira, baina ez dago izutzeko motiborik», esan zuen. Errealitatea, ordea, bestelakoa da. Dagoeneko 320 lagun hil dira uholdeen ondorioz eta Bangkokek uharte baten itxura hartu du. Urak, gainera, hondakin kimikoak eta zaborrak daramatza. Bangkok inguruko probintzietan 14.000tik gora fabrikak kalte larriak jasan dituzte.

Egoeraren larritasuna ikusita, herritarrak botilaratutako ura pilatzen ari dira. Supermerkatuak, gainera, ia hutsik daude, banaketa sareak moztuta baitaude. Yingluckek altu dauden errepideak zabaltzeko ere agindu dio Armadari. Uztailaren amaieran hasi ziren uholdeak, urtegiak eta ibaiak gainezka egiten hastean. Tokian tokiko agintariek bat-batean hartu zituzten erabakiak. Baliabide urriak zituztela esan zuten. Prebentziorako Zentroaren datuen arabera, kaltetutakoak bederatzi milioitik gora dira. Nekazaritzarako erabiltzen den lurzoruaren %10 urak hartu du.

Osasunaren Mundu Erakundeak Thailandia, uholdeak jasaten dituen beste edozein herrialde bezala, izurriteak pairatzeko arriskuan dela ohartarazi du. Oraingoz ez da zehaztu izurrite horiek zeintzuk izan daitezkeen.

Bederatzi milioi

Prebentziorako Zentroaren datuen arabera, kaltetutakoak bederatzi milioitik gora dira. Nekazaritzarako erabiltzen den lurzoruaren %10 urak hartu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo