Tras la declaración histórica de ETA
Garai berri baten lehen urrats erraldoia
Garai berria bizi du Euskal Herriak eta horren adierazle dira atzoko manifestazioan herritarren artean entzundakoak. «Poza» eta «itxaropena» bezalako hitzekin deskribatu zuten herritarrek aro berria, baina argi azaldu zuten aurrera jarraitzeko ezinbesteko urratsak zeintzuk diren: presoekiko politika aldatzea eta erabakitzeko eskubidea bermatuko duen elkarrizketa martxan jartzea.
Nerea GOTI
ETAren behin betiko su-etenarekin ez da dena konpondu. «Ezta pentsatu ere», adierazi zion GARAri Bilbora lagunekin hurbildu zen Sodupeko Kikok. «Hori uste duena desinformatuta dago. Orain, garrantzitsuena, negoziatzera esertzea da, eta biktimen afera ere aztertu behar da. Hemen alde guztietan egon dira biktimak eta ez oraingoak bakarrik, baizik eta frankismoaren garaitik; atxiloketak, torturak... hor daude», nabarmendu zuen lagunen oniritzia jasotzen zuen artean; ondoan zuenak, presoak gerturatzea «lehenbailehen» egin beharrekoen artean kokatu zuen.
«Herritarrok gara giltza»
Utzi laudiarrak herritarren parte hartzea goraipatu zuen, presoen eskubideak errespetatu beharra aipatzearekin batera. «Argi dago gu garela benetako interesatuak eta prozesu hau bultzatu behar dugunok», esan zion GARAri. Bere ustez, «herri honen borondatea da etorkizunaren jabe izatea» eta «guk eraman behar dugu aurrera».
Maribel oñatiarrak ere «egiteko lan asko» dagoela uste du. «Herriak dauka gauzak konpontzeko giltza», esan zuen. Oñatitik bertatik iritsitako Tomas Biainek beste errealitate bat aipatu zuen mobilizazioa hasi baino minutu batzuk lehenago. «Autobusean jende berria etorri da, orain arte etorri gabeko jendea, eta horrek poztu nau. Izan ere, hemen herriak borroka egin behar du, eta jende berria etortzeak herria indartzen ari dela erakusten du; indar hori beharrezkoa izango da aurrera egiteko», azaldu zuen. «Jende askoren ustez su-etenarekin ETA desagertu da, baina ETA hor dago eta kartzelan preso bakar bat dagoen bitartean ETA hor egongo da», adierazi zuen.
Haurtxo txiki bat besoetan zuela, Erlantz Esteibar zumaiarrak «ilusioa» aipatu zuen, baina mugimendu baten atzetik beste batek etorri beharko lukeela gaineratu zuen; bere ustez, presoak gerturatzea «erantzun ona» litzateke.