TOP 14
Avironek irabazi ezinik jarraitzen du, eta arazo handietan sartzen ari da
Aviron arazoetan sartzen ari da, eta, hala, Biarritzek bezalaxe, helburuak aldatu beharko ditu. Lehen sei taldeen artean amaitzea zen hasierako asmoa, baina, gauzak dauden bezala, mailari eustea bihur daiteke azkenean helburua.
Oraindik ligaren laurdena bakarrik jokatu da, baina jadanik aurrekoak ihes egin dute, eta, haiengana hurbiltzeko, gauzak oso ongi egin beharko dituzte zuri-urdinek, eta, aurrekoak, berriz, oso gaizki. Gainera, lapurtarrak nola jokatzen ari diren ikusita, oso zaila ematen du lehen postuetan sar daitezkeela pentsatzea.
Atzokoa partida aproposa zen. Irabazita Briveren aurretik jarriko baitzen Baionako taldea, baina gauzak oso gaizki egin zituen. Etxeko taldea oso eroso aritu zen. Ez zuen presiorik izan, eta Avironen entsegu marratik oso gertu aritu zen ia partida osoan zehar; horrek dena esan eta argitzen du.
Brivek lau entsegu egin zituen, eta hori aurrean ibili nahi duen talde batentzat gehiegi da. Defentsan gaizki aritu ziren lapurtarrak, eta erasoan ere bai, nahiz eta entsegu bat lortu. Gauzak aldatzen hasi beharra daukate, bestela oso gaizki pasatuko dute.