GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

AGILERA

Gauzak ez badira aldatzen, Biarritzek bere helburuak erabat aldatu beharko ditu

Lapurtarrek ez dute bururik altxatzen. Markagailuan bi aldiz atzetik joan ziren, eta emandako itxura berriro ere oso kaskarra izan zen, kezkatzeko modukoa.


BIARRITZ 15

LYON 15

 

Jon LEUNDA

Biarritzek oso itxura txarra dauka. Gauzak asko eta azkar aldatzen ez badira, mailari eustea bilakatuko da zuri-gorrien helburua. Atzo aukera paregabea zeukan Lyonen aurka garaipena eskuratu eta gorako bidea hartzeko, baina Laguisquetek zuzentzen dituen mutilek berriro ere itxura kaskarra eman zuten, eta berdinketa besterik ez zuten lortu ahal izan.

Sailkapeneko bi azkenak neurtu ziren Agilerako berdegunean, eta, amaieran, berdindu egin zuten. Bi taldeek garbi utzi zuten zergatik dauden dauden lekuan. Munduko Txapelketa gaur amaituko da, eta datorren astetik aurrera Harinordoki eta Yachvili ere taldean izango dira, baina gauza asko aldatu beharra dago, bestela urtea oso txarra izango denaren itxura baita.

Atzo gauzak gaizki hasi ziren, seigarren minuturako kanpotarrak aurretik jarri baitziren. Ratuvouk entsegua egin zuen, eta Lespinasek ez zuen hutsik egin ostikoarekin. Inork nahi eta uste ez zuena ari zen gertatzen.

Hala ere, zuri-gorriak esnatu egin ziren, eta aurrera egin zuten. Baloiaren jabetza hartu zuten, eta eskura jokatzen hasi ziren. Horrekin kanpotarren entsegu marratik gertu ibiltzeko aukera izan zuten, eta, 19. minutuan, Haylet Pettyk entsegua lortu zuen. Ondorengo jaurtiketarekin Peyrelonguek ez zuen hutsik egin, eta markagailua berdindu egin zuen.

Partida berriro hasten zen, berriz ere parez pare ziren bi taldeak, eta etxekoek horrelaxe ulertu zuten. Ezer aldatu gabe aurrera egin zuten, aurkariei baloia utzi gabe, eta presio horri esker zigor bat izan zuten alde. Peyrelonguek baloia barrura sartu zuen, eta 23. minutuan 10-7 aurretik jarri ziren etxekoak. Horrek zaleak piztu egin zituen, eta bazirudien garaipena etxean geratuko zela.

Okerrera

Usteak batzuetan ustel izaten dira, eta horixe gertatu zen atzo Biarritzen. Aurretik jarri zenean, behera egin baitzuen etxeko taldeak. Lyon hasi zen agintzen, eta atsedenera heldu aurretik partida berdindu egin zuen zigor kolpe bati esker.

Bigarren zatian gauzak ez ziren gehiegi aldatu. Lyonek baloia etxekoen esku utzi zuen, baina Biarritzek ez zuen grinarik erakusten jokoan eta Lyon izan zen berdinketa apurtu zuena, entsegu bat lortuz. Eskerrak ondorengo ostikoa huts egin zuen, bestela markagailuan tarte handiagoa izango baitzen.

Galtzen zirela, arriskuak hartu beste aukerarik ez zuten izan Laguisquetek zuzentzen dituen mutilek, eta, 61. minutuan, Carizzak entsegua lortu zuen partida berdinduz. Transformazioarekin aurretik jartzeko aukera zuen Biarritzek, baina ez zuen asmatu, eta berdinean geratu zen partida. Artean denbora asko geratzen zen amaitzeko, baina Biarritzek ez zuen asmatu, eta bi punturekin konformatu behar izan zuen. Zaleek, gainera, beren haserrea agertu zuten amaieran.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo